Belateko kluben arteko ligan Txaruta izan da talde txapelduna

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 20a

Txaruta taldea, Belateko ligan klub txapelduna izan da. TTIPI TTAPA

Nafarroako txapeldun ere izan dira Enaitz Antso eta Iker Espelosin kimu mailan eta Arkaitz Untxalo eta Iban Inda kadetetan

Belateko kluben arteko ligan lau txapel lortu eta lau kategoriatan azpitxapeldun suertatu ondotik, talde txapelduna suertatu da Txaruta Pilota Elkartea.

Zehazki, Umeak C mailan txapeldun izan ziren Egoi Zelaieta eta Oier Ariztegi; Kimu A mailan, Enaitz Anso eta Iker Espelosin izan ziren txapeldun; Haur B mailan Asier Bertiz eta Iñaki Antso, kadete A mailan Arkaitz Untxalo eta Iban Inda eta Gazte A mailan, Joseba Arizmendi. Azpitxapeldun izan zirenak, berriz, Kadete A mailan Dario Trantxe eta Basaburuako Beñat Alberro; Haur B mailan ere finala baztandarren artekoa izan zen, Iñaki Irazoki eta Joxean Etxeberria azpitxapeldun izan zirelako; Haur A mailan ere finalista izan ziren David Albiasu eta Andoni Espelosin eta Gazte A mailan, azpitxapeldun izan zen Ander Zaranton.

Belateko Kluben artekoa ez da, noski, Txarutako pilotariek lehen hiruhileko honetan parte hartu duten txapelketa bakarra. Euskal Herriko kluben arteko ligan, kadete mailanJoseba Apeztegia iruritarra azpitxapeldun izan zen Alegiko Artolaren kontra galdu ondotik. Gazte mailan, Antton Jauregi amaiurtarrak finalerdietan galdu zuen.

Zizurko txapelketan, helduetan Unai Arraztoa elizondarrak finala galdu zuen Iruñeko Rekalderen kontra eta Ibon Irazoki kimuetan, Arkaitz Untxalo eta Iban Inda kadetetan eta Antton Jauregi gazte mailan finalerdietan aritu ziren.

 

Nafarroako txapeldun

Kimu mailan, Enaitz Antso eta Iker Espelosin eta kadete mailan Arkaitz Untxalo eta Iban Inda Nafarroako txapeldun izan ziren; haur mailan, David Albiasuk eta Andoni Espelosinek Nafarroako txapelketa honetako finalerdiak jokatu zituzten.

Garai honetan bertze hainbat txapelketetan parte hartzen ari dira, Lizarran, Tafallan, Barañainen, Olaztin Zaramagan, Añorgan, Urretxun, Antiguon, Lizarran, Irurtzunen edo Elgetan, bertzeak bertze. Berehala hasiko dira Herriarteko txapelketetan, bai Belatekoan, baita Nafarroako Pilota Federazioak antolatutakoan ere. Josetxu Ezkurra XX. Memorialean ere ariko dira Txarutakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun