Plaza, Eizagirre eta Garmendia gogoan

TTIPI TTAPA 2010ko api. 13a, 13:22
Utzitako argazkiak

Lino Plaza Tuñon Lekarozen sortua zen eta joan den urteko urrian hil zen. Aitzinetik, errugbi munduan aski ezaguna izan zen, jokalari eta entrenatzaile gisara Espainiako hamar liga irabazi baitzitzuen Arquitectura taldearekin eta Espainiako selekzionatzailea, epailea eta nazioarteko federatiboa izan baitzen. Kirol hau maite zutenek «Errugbiaren erregea» deitzen zioten eta oraindik ere, guzien bihotzean halaxe dela erakutsi zuten martxoaren 27ko omenaldian. Berekin batera, Baztanen errugbizaletasuna piztu zuen Peio Garmendiari eta honen koinadua zen Enrike Eizagirreri ere omenaldia eskaini nahi izan zieten Baztan Errugbi Taldekoek. Honela, lore-xorta bana eskaini zioten Cristina Plaza, Linoren ilobari eta Esther Elizagoien, Pelloren alargunari. Gisa berean, txapela oparitu zioten Arquitectura taldekoei eta hauek, taldearen ezaugarri den larrosa eman zioten baztandarrei. Gero, partiden txanda izan zen: beteranoenak aritu ziren lehenik eta ez hain beteranoak ondotik, besta giroan jokatu ziren partida berdindu eta ikusgarrietan. Akitzeko, nola ez, Lekarozko Txokoan hirugarren denbora jokatu zen eta oraindik laugarren denbora baterako aukera ere izan zen, Pelloren etxea eta Lino Plazaren bigarren etxea zen Eskisaroi jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun