Batzar Nagusiak ahobatez bat egin du Iruritako Guraso Elkartearen eskariarekin

TTIPI TTAPA 2010ko api. 13a, 13:01

50 bat guraso eta haur bildu dira batzar orokorrean

Jangela nahi du Iruritako Guraso Elkarteak eta helburu horrekin jo zuen apirilaren 6ko Batzar Nagusiaren bilkurara. Guraso batzuk eta 50 bat neska-mutiko sartu ziren Balleko Etxean, jangelarako balioko lukeen erabilera anitzeko bigarren gela bat egiteko eskatuz. Izan ere, dagoeneko lanak lehiaketara atera dira eta ez da aipatu gela hori aurreikusi.
Gurasoek adierazi zutenez, mahai baten inguruan jarri nahiko lukete, Nafarroako Gobernuarekin eta Udalarekin, baina adierazi zutenez, «orain artio ezinezkoa izan da».
Udalari ere galdera luzatu zieten: «gustatuko litzaiguke jakitea Udala zertan ari den eta Iruñetik ezezkoa hartzen badugu, zein da bere irtenbidea?».
Batzar Nagusiak, bere aldetik, ahobatez babesa eman zion Guraso Elkartearen eskariari eta Nafarroako Gobernura igortzeko idatzi bat onartu zen. Martin Garde zinegotziak, bertzalde, Udalak Hezkuntza Departamentuarekin biltzeko asmoa duela aipatu zuen, baina oraindik ez omen dute bilerarako datarik zehaztu.

Sanzi eskaera aurrez-aurre
Martxoaren 29an Miguel Sanz Nafarroako presidenteari eskatu zioten aurrez-aurre jangela nahi dutela. Elizondoko Jorge Oteiza museoa zaharberritua inauguratzera etorri ziren Gobernuko ordezkariak, tartean Sanz presidentea, eta Iruritatik pasatzerakoan eskola berria eraikiko den tokian Jangela behar dugu aldarrikatu zuten gurasoek. «Ordaintzen duena edozein dela ere, ezin dugu gure familiendako hain garrantzitsua den zerbitzu hau galdu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun