Apirilaren 9an Udaberriko Feria ospatu zuten Elizondon eta azkeneko hamabi urteetako ohiturari eutsiz, ahari lehiaketa ere egin zen. Azken aldietan baino ahari guttiago aurkeztu ziren, aharien artean kutsatzen den bruzelosi eritasuna baitabil eta eritutako ahariak plazetan ezin direla aurkeztu dioelako osasun araudiak.
Halere, 13 ahari aurkeztu ziren plazara eta horietatik 11 atera ziren lehiaketara, 4 mutur beltzen kategorian eta 7 mutur gorrien kategorian. Partehartze ttikiagoa izan denez, kategoria bakoitzean hiruna sari eman beharrean bina eman dira. Honela, mutur beltzetan, 75 euro eta kaikuaren lehen saria, Almandozko Etxotoako Norberto Agerrek aurkeztutako ahariarentzat izan da eta bigarrena, 50 euro, Beartzungo Pardio baserriko Manuel Bertizenarentzat.
Mutur gorrien kategorian, Arraiozko Indakoako Felisa Ugarteren ahariarentzat izan da lehen saria eta bigarrena Arraiozko Sagrario Urrozentzat.
Giro ederra izan zen Merkatu Plazan eta aharikoak ez ezik, behi aziendak ere aurkeztu ziren, 30 bat buru. Horretaz gain, txistularien musikak eta dantzariek ederki girotu zuten plaza eta artisauen eskulanak ere ikusgai izan ziren. Bildots errea eta baztan-zopak dastatzeko aukera ere izan zen.