Baztango Junta Generalak ahobatez bat egin du Iruritako Guraso Elkartearen eskariarekin

TTIPI TTAPA 2010ko api. 7a, 13:21
Iruritako guraso eta haurrak Junta Generalean izan ziren apirilaren 6an. TTIPI TTAPA

50 bat guraso eta haur bildu ziren Balleko Etxean apirilaren 6ko batzarrean, jangela eskatuz

Iruritako Eskolako Guraso Elkarteak apirilaren 6ko Baztango Batzar Orokorraren ahobateko babesa jaso zuen bere eskarietan. Hain zuzen, Iruritako eskolako guraso batzuk eta 50 bat ikasle bildu ziren Balleko Etxean, jangela moduan erabiliko litzatekeen erabilera anitzeko bigarren gela bat egitea eskatuz. Jakina da dagoeneko lanak egiteko lizitazioa atera dela eta bertan ez da biltzen Iruritatik egiten den eskari hau.

Honela, Iruritako gurasoak Batzar Orokorrean aipatu zutenez, “badakigu hau ez dela lekua eta momentua, baina aukera ezin hobea da, Baztango udala, herrietako alkateak eta junteroen aintzinean, galdera bat egiteko”.

Gurasoen ustez, “Iruritan, eskola berria egiteko unean, jangelarako gela bat gehitzea denendako hobea izanen litzateke. Gurasoen eskuetan ez dago zer egiterik, protestatu baino, baina bai, udalaren eskuetan dago, erabaki politikoa delakoz”.

Gurasoei mahai baten inguruan jartzea gustatuko litzaieke, Nafarroako Gobernuarekin eta Baztango Udalarekin batera, baina “orai artio ezinezkoa izan da”.

Honela, Iruritako gurasoek galdera luzatu zuten Batzar Orokorrean: “Gustatu litzaiguke jakitea udala zertan ari den, zer asmo dute, eta Iruñetik ezezkoa hartzen badugu. zein da bere irtenbidea?”.

Batzar Orokorrak ahobatez babesa eman zion Iruritako gurasoen eskariari eta Nafarroako Gobernura igortzeko idatzi bat onartu zen. Martin Garde, Hezkuntza zinegotziak aipatu zuenez, Hezkuntza Departamentuarekin biltzeko asmoa du, baina oraindik ez omen dute bilerarako datarik zehaztu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun