Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak Jorge Oteiza Museo Etnografikoaren eraberritzea inauguratu zuen martxoaren 29an, astelehenean, Elizondon, Javier Ciga pintorearen (1877-1960) lanak hartzeko egokitu baita. Jardun horrek bat egin du artistaren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenarekin. Lanok egiteko, Kultura eta Turismo Departamentuak 124.553,85 euroko diru-laguntza eman du, ia-ia proiektuaren ehuneko ehun.
Sanz presidenteak azpimarratu zuenez, “Javier Ciga Nafarroako XX. mendeko artista handienetako bat da”, eta “museo aipagarri hau lortzeko Ciga Fundazioaren eta Baztan Udalaren ekimenak bat egiteko ideia handia” nabarmendu du.
Ciga Fundazioak Baztan Udalari pintura-bildumaren atal bat utzi dionez, Jorge Oteiza Museoa eta erakusketa etnografikoa, 2004an inauguratua, berritu behar izan dira. Margotze-lanak, lurzoruak, segurtasuna eta standak eta erakusketako piezak kendu dira, bertzeak bertze. Erakusketa modu bikoitzean da erakargarria, ahanzturatik berreskuratutako lanabesak behatzearekin batera horiek biltzen dituzten eszenak ere ikus daitezke eta. Kultura eta Turismo Departamentuak aholkularitza teknikoa eman du (planifikazioa, erakusketa etnografikoaren birdefinizioa, etab.). Erakusketa iraunkorra 61 lanek osatzen dute (47 olio, akuarela 1, 12 marrazki arkatzez eta ikatz-marrazki 1). Nafarroako Gobernuak Nafarroako Museoko bildumatik bederatzi koadro utzi ditu, xede honetarako zaharberritu direnak.
Asteleheneko inaugurazio-ekitaldian Juan Ramón Corpas Kultura eta Turismo kontseilaria; Virginia Alemán Baztango alkatea; Fundazioko kideak, Pello Fernández Oyaregui idazkariak ordezkatuta; eta Ana Mari Marín Museoko Lagunen Elkarteko presidentea, baita Gurutze Ciga bizirik geratzen den artistaren alaba bakarra ere izan ziren inaugurazioan. Museoak Baztango monumentu megalitikoei buruzko areto bat ere girotu du.
Cigaren lanen ibilbidea
Cigaren bilduma Museoko lehenengo eta bigarren solairuen artean banatuta dago. Lehen solairuan artistak Iruñeko Euskal Zentrorako Pariseko egonaldian, 1914an, margotu zituen formatu handiko lau lan daude. Lanok ukitu narratibo eta dekoratibo handia dute, eta Navarro Villoslada miretsiaren ‘Amaya o los vascos en el siglo VIII’ lanean oinarrituta daude. Koadro horietan tematika historikoa eta kostunbrista nahasten dira, gorespen etnografikoaren ildotik, garai hartako postulatu estetiko eta ideologikoekin bat etorriz. Lan hauek dira: ‘Bajo el árbol de Jauregizar’ –eduki sinbolikoa-, ‘Proclamación del Primer rey de Navarra’ eta eduki etnografikoa duten beste bi lan, ‘Salida de Misa’ eta ‘Sokadantza’. Era berean, 1910eko ‘Artzaia/Pastor’ lana ere badago. Bigarren solairuan familiaren erretratuak, San Fernando Akademiaren lanak eta Pariseko etapakoak (1912 – 1914 ), eta eszena kostunbristak eta Baztango paisaiak daude, espetxean margotutako marrazkiak eta lan aipagarriak, hala nola ‘Retrato del doctor Guillermo Balda’, ‘Combinación de la ruleta’, ‘Sagardien’ eta ‘Elizondoko Neskatxak’ eta ‘Estudio’. Azken lan hori ikatz-marrazkia da, eta horri esker San Fernando Akademiako urrezko domina irabazi zuen.