Iruritako eskola berrian jantokia egiteko eskatu dute gurasoek

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 29a

Eskola berrian jangela nahi dutela eskatzeko plazan bazkaldu zuten Iruritako ikasle eta gurasoek martxoaren 22an. Utzitako argazkiak

Gobernuak ez du kontuan hartu jantokia egiteko eskaera

Bere garaian aipatu bezala, Nafarroako Gobernuak 900.000 euroko inbertsioa eginen du Iruritan eskola berria eraikitzeko, eta horrekin batera, gurasoen zenbait eskaerari ere baiezkoa eman die: sei gela izan beharrean zazpi izanen ditu, eta informatika gela 15 metro haundituko da. Ez dira, ordea, gurasoen eskaera guztiak aintzat hartu. Erabilera anitzeko bigarren gela ere nahi dute gurasoek eraikin berrian, bertzeak bertze, jangela gisa erabiltzeko, baina Gobernuak ezezkoa eman die.
Orain arte herriak utzitako gela batean bazkaldu izan dute neska-mutikoek, oraingo eskolatik hurbil. Baina eskola berria egindakoan, egungo jantokia «urrun» geldituko litzatekeela salatu du Idoia Eskuderok, Iruritako Guraso Elkartearen izenean. Gurasoen irudiko, «ez litzateke posible izanen, denboragatik eta arriskuagatik, egunero, eguerdian haurrak eraikin berritik oraingo jantokira joatea».
Gobernuak adierazi duenez, jantokirako erabili nahi den gela egitea ez du bere gain hartuko, ez delako eskualdeko jantokia eta ez dituelako inguruko herrietatik autobusez etortzen diren haurrak hartzen. Irtenbide bakarra Udalak finantzatzea dela erran omen dute Iruñetik.

Udalak dirurik ez
Konponbide eske, martxoaren 10ean alkatearekin eta zinegotzi batekin bildu ziren Iruritako gurasoak. Baina Guraso Elkarteak azaldu duenez, Udalak «gela finantzatzeko eta arazoari irtenbidea emateko sosik ez duela» erantzun die. Halere, Nafarroako Gobernuarekin kontatuan omen daude.
Gurasoek balio anitzeko gela proiektuaren barrenean sartzeko eskatu arren, Hezkuntza Sailak hori kontuan hartu gabe atera du proiektua lehiaketara. Etorkizunean gela arrunt bat eraikitzeko aukera aztertzen du, baina haundituta nola geldituko litzatekeen ikusteko baino ez omen da izanen.

Protesta
Jantoki zerbitzua eskatzeko protesta gisa, martxoaren 22an haurrek eta gurasoek herriko plazan bazkaldu zuten, Iruritako eskola berrian ere, jangela behar dugu lelopean.
Eskola berria frontoiaren ondoan eraikiko da, 1.582 metro koadroko lur eremuan eta 775.862,07 euro gostako da egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun