Baztan Rugby Taldeko eta Madrilgo ZF Arquitectura Classics taldeko beteranoek Lino Plaza, Enrike Eizagirre eta Pello Garmendiaren omenez adiskidantzako bi partida jokatu zituzten larunbat eguerdian Lekarozen.
Lino Plaza Tuñon Lekarozen sortua zen eta joan den urteko urrian hil zen. Aitzinetik, errugbi munduan aski ezaguna izan zen, jokalari eta entrenatzaile gisara Espainiako hamar liga irabazi baitzitzuen Arquitectura taldearekin eta Espainiako selekzionatzailea, epailea eta nazioarteko federatiboa izan baitzen. Kirol hau maite zutenek “Errugbyaren erregea” deitzen zioten eta oraindik ere, guzien bihotzean halaxe dela erakutsi zuten larunbateko omenaldian. Berekin batera, Baztanen errugbizaletasuna piztu zuen Peio Garmendiari eta honen koinadua zen Enrike Eizagirreri ere omenaldia eskaini nahi izan zieten Baztan Rugby Taldekoek. Honela, lore-xorta bana eskaini zioten Cristina Plaza, Linoren ilobari eta Esther Elizagoien, Pelloren alargunari. Modu berean, Baztan Rugby Taldekoek txapel bat oparitu zioten Arquitectura taldekoei eta hauek, taldearen ezaugarri den larrosa eman zioten baztandarrei. Gero, partiden txanda izan zen: beteranoenak aritu ziren lehenik eta ez gain beteranoak ondotik, besta giroan jokatu ziren partida berdindu eta ikusgarrietan.
Akitzeko, nola ez, Lekarozko Txokoan hirugarren denbora jokatu zen eta oraindik laugarren denbora baterako aukera ere izan zen, Pelloren etxea eta Lino Plazaren bigarren etxea zen Eskisaroi jatetxean.