Iruritako eskola berrian jangela eskatzeko plazan bazkaldu zuten guraso eta ikasleek

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 24a, 11:46
Guraso eta ikasleek Iruritako plazan bazkaldu zuten protesta egiteko. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak dio eskolak ezin duela jantokirik izan eta Baztango Udalak ez duela sosik lana egiteko

“Iruritako eskola berrian ere, jangela behar dugu”. Horixe da Iruritako eskolako Guraso Elkartearen, ikasleen eta irakasleen eskaria. Eta eskari horri indar emateko, martxoaren 22an, astelehen eguerdian Iruritako plazan elkarrekin bazkaldu zuten, “edozein egunetan eskolako jantokian eginen genukeen bezalaxe”. Modu honetan protesta egin nahi dute,  aurrikusia dagoen eskola berriak ez baitu jantokirik izanen.

Jakina den bezala, eskola berria lortzeko hainbat mobilizazioen ondotik, gan den urte bukaeran, 2010erako aurrekontuetarako zuzenketa sartu zuten eta ondorioz 900.000 euroko partida bat onartu zen Iruritako eskola berria egiteko.

Kontuan hartuz oraingo eskolak dituen gabeziak,  irakasle, guraso eta Baztango Udaletxeak proposamen bateratua egin zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuan abenduaren 21ean. Proposamenean, matrikula dela eta, gela bat gehiago eskatzen zen (6 beharrean 7), informatika gela handitzea, liburutegi funtzioa egin zezan, garbiketa gela eta biltegia handitzea eta balioanitzako bigarren gela bat jantokiko baliogarria izanen zena.

 

Nafarroako Gobernuak dio «ez dagela autobusean etortzen diren haurrik"

Proposamen honen erantzuna  Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentutik posta elektronikoz, 2010ko otsailaren 15ean jaso zuten Iruritan. Bertako informazioaren arabera onartzen zen zazpigarren gela eta informatikako gelaren handitzea 15 metrotan, baina eskatzen zen bigarren balioanitzako gela ez zuten onartzen. “Honen ondorioz –dio Iruritako Guraso Elkarteak– duela hiru urte martxan jarri zen eskolako jantokirik gabe geldituko ginateke”. Iruritako jantokia ordinarioa delakoa da, hau da, guraso elkarteak kudeatzen du. Orain arte eskolatik hurbil dagoen herriak utzitako gela batean eskaintzen zaie jangela zerbitzua eskolako ikasleei (3 urte eta 12 urte bitarteko haurrei). Leku hau urrun gelditzen da eskola berria eraiki behar duten lekutik eta ez zen posible izanen, denborarengatik, arriskuengatik, egunero, eguerdian haurrak eraikuntza berritik oraingo jantokira desplazatzea.

Nafarroko Gobernutik jakinarazi dute Iruritako eskolak ezin duela jantoki komarkala eduki “ez dituelako inguruko herrietatik autobusez etortzen diren haurrak”. Hau dela eta ez dute bere gain hartzen jantokiko baliogarria izanen zen gelaren eraikuntza. Eskaintzen duten irtenbide bakarra hau da: udaletxeak jarri beharko luke gela eraikitzeko dirua eta gurasoek gestionatu.

 

Baztango Udalak ez du sosik gelaren finatziaziorako

Martxoaren 10ean, Virginia Aleman alkatearekin eta Baztango udaleko zinegotzi batekin bildu ziren gurasoak arazoa konpontzeko asmoz. Udaletik diotenez, ez dute sosik gelaren finantziaziorako eta  arazoari irtenbideren bat emateko, Nafarroako Gobernuko arduradunekin biltzeko asmoa dute.

Eskola berriko proiektua, martxoaren erdialdera lizitaziora aterako dela badakite gurasoek eta, “ez da denbora aunitz gelditzen, egin behar duten eskola berrian, balioanitzeko bigarren gela lortzeko”. Guraso Elkartearen ustez, “jantokia ezinbestekoa da familien lana eta familia kontziliatzen laguntzeko eta gainera ezin da hiru urtez martxan dagoen zerbitzu on bat nolanahi galdu behar”.

Gurasoek dagoeneko ez dakite norengana jo bere aldarrikapenak kontutan har daitezen: “Ulertzen dugu krisi garai honetan, udal eta Nafarroako Gobernuko aurrekontuak murriztu egin behar izatea, baina uste dugu momentu hau arras garrantzizkoa dela,  aipatutako gela hori laister konkurtsora aterako den proiektuaren barruan sartzeko. Aurrekontua goratzen duten proiektuen berrikuntzak onartuak izatea arras zaila izaten da konkurtsora atera ondoren”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun