‘Baztan’ filma grabatzen

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 16a, 12:16
Argazkia: Nasa Producciones eta Lazo Visual Utzitako argazkiak

Martxoaren 1az geroztik, Baztan filmea grabatzen ari dira gure bazterretan. Iñaki Elizaldek zuzentzen du filmea, berak eta Michel Gaztanbidek sortutako gidoian oinarrituta eta agoteen gaia da istorioaren ildo nagusia. Nasa Producciones eta Lazo Visualen esku daude produkzio lanak, eta tartean da Mikel Pruaño ere. Aipa­tze­koa da filmearen sekuentzia guziak Baztanen errodatzekoak direla, eta aste honetan akitzea espero dute. Aktore aski famatuak ari dira parte hartzen: Unax Ugalde, Carmelo Gomez, Kandido Uranga, Txema Blasco, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre, bertzeak bertze. Ezagun hauekin batera, badira baztandar batzuk ere. Tartean, argazkian, Iñaki Elizalde zuzendariarekin ageri den Pa­txi Bengoetxea (An­txo) eta Carmelo Gomez eta Unax Ugalde aktoreen ondoan dagoen Mirentxu Goienetxe (pelikulan Unax Ugalderen arreba). Horiez gain, Juainas Paul eta Ione Lizar­tza ere eskualdekoak dira. Behin irudiak grabatuta, ekainetik irailera muntaia egin nahi dute eta 2011 urte hasieran muntaiaren lehen kopia bat lortuko dute. Filmearen aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta produktoreek aurrekontu horren %60 estali dute dagoeneko. Gainerakoa ordaintzeko, Nafa­rroako Gobernuari eta Espainiako Kultura Ministerioari eskatu diote laguntza, eta Akitania aldean ere ari dira galdezka. Badirudi, ETBk ere interesa agertu duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun