Martxoaren 1etik hasita Baztanen egiten ari diren “Baztan” filmearen errodaje lanen erditsua egina dutela adierazi zuten martxoaren 11n egindako prentsa agerraldian. XVII. mendean agoteek jasandako egoera da filme honen argumentu nagusia eta errodaje-lanak martxoaren 20an akituko omen dira.
Ortzegun goizean, Lekarozko ikastetxe zaharreko eliz barrenean grabatu zituzten zenbait plano eta gero Arizkunen prentsaurrean agertu dira Iñaki Elizalde zuzendaria, Elizondoko Mikel Pruaño produktorea eta Carmelo Gomez, Unax Ugalde eta Amaiurko Mirentxu Goienetxe aktorea. Izan ere, pelikula honetan, aktore famatuekin batera ingurukoak ere ari dira, Mirentxu Goienetxe, Juainas Paul zubietarra edo Patxo Bengoetxea elizondarra, bertzeak bertze.
Antzerki eskolan aritzen den Mirentxu Goienetxek aipatu zuenez, “filme honetan partehartzea urrezko aukera da niretako, kamara aitzinean ez ezik, gibelean ere lanean ari bainaiz”. Agoteen historia hobeki ezagutzeko baliagarria izan zaiola ere aipatu zuen. Bertze bitxikeri bat ere aipatu zuen Mirentxuk: 1991n Julio Medem-en “Vacas” filmea grabatu zutenean, bera kamarera zen ostatu batean eta Carmelo Gomez-i ardoren bat edo bertze zerbitzatu ziola gogoratu zuen. “Eta orain bere ondoan lanean ari naiz, sinestezina da” erran zuen amaiurtarrak.
Produkzio lanak egiten ari den Nasa 2000ko Mikel Pruaño elizondarrak aipatu zuenez, pelikularen aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, “baina oraindik %40 inguru lortzeko dugu oraindik. Nafarroako Gobernuak laguntzaren bat eman du, baina bertze ate batzuk ere, publikoak nahiz pribatuak, jotzen ari gara. Dirua falta dugu, baina ilusiozm gogoz eta energiaz gainezka gaude”.
Iñaki Elizalde zuzendariak aipatu zuenez, filma hiru une historikoetan kokatuko da, XVII. mendean, 1964 urtean eta gaurko egunean eta “errodajea oso gogorra” izaten ari drela aipatu zuen.
Carmelo Gomez eta Unax Ugalde aktore famatuak kontent agertu dira filme honetan parte hartzeagatik. Unax Ugaldek azpimarratu nahi izan du profesionalak ez diren aktoreekin lan egitea oso aberasgarria dela eta filmean Baztango euskara erabiltzen dela.