Lekarozko proiektua gelditzeko eskaera egin du "Aroztegia eta gero zer?" Plataformak

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 12a

Baztan-Bidasoaldeko hainbat gizarte eragilek babesa eman diote Plataformaren idatziari. TTIPI TTAPA

Baztan-Bidasoaldeko hainbat gizarte eragileren babesa jaso du

Aroztegiko egitasmoa gelditu eta Baztanen herri-eztabaida abiatzeko eskatu du Aroztegia... eta gero zer plataformak eta eskari horrekin bat eginez, hainbat atxikimendu jaso ditu, martxoaren 11n egindako agerraldian agertu duenez.

Aroztegiako proiektua, «oroz gainetik, egitasmo urbanistiko bat» dela salatu zuen taldeak ortzegunean Elizondoko Arizkunenean egindako agerraldian: «hutsetik 252 etxebizitzako bizigune berria sortuko duena Baztanen, 750 biztanle inguruko bizigunea. Hala, golf belagia eta hotela, jokaldi urbanistikoa zuritzeko aitzakiak bertzerik ez dira, eta horretarako, aski da bertze tokietan egiten ari diren gisako egitasmoetara begiratzea: Arabako Bastidakora adibidez».

Taldearen irudiko, egitasmoak Baztango egituraketan eta lurraldearen antolaketan «ondorio nabariak» izanen ditu: «praktikan, Baztango hamaseigarren herri bihurtuko litzateke eta, horrek ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko ditu». Horregatik pentsatzen dute azken erabakia baztandar guztiei dagokiela. Aitzitik, Udalaren jokaera «guztiz kontrakoa» izan dela kritikatu dute: «herritarrei deus galdegin gabe, egitasmoa gauzatzeko Udal Planaren aldaketa puntualari hasierako onespena eman zion».

Ildo horretan, Plataformaren arabera, bereziki argigarria da Lekarozen egindako galdeketan parte-hartzaileen %67 birkalifikazioaren aurka agertu izana, %24 alde eta %9 zuri. “Emaitzak erakusten duen moduan, udaletxearen erabakiak ez du zilegitasun sozialik, eta gaiaren inguruan planteatzen den eztabaida soziala agerian uzten du” dio Aroztegia eta ger zer? Plataformak. Egitasmoaren neurriak eta haren ondorioak ikusita, honen inguruan erabakitzea baztandar guziei dagokiela uste dute eta alde horretatik, “Gure Geroa, gure erabakia” eta “Eman hitza herriari” leloekin egin zuten ortzeguneko agerraldia. Erabakitze prozeduran, “Udaletxearen arinkera” guztiz salagarria dela uste du Plataformak.

 

Atxikimenduak

Hainbat dira Aroztegia... eta gero zer? Plataformaren idatziari atxikimendua adierazi diotenak: EHNE Nafarroa, ELA Baztan-Bidasoa, LAB Baztan-Bidasoa, Baztango Ezker Abertzalea, Baztandarren Biltzarra, Baztango Mendigoizaleak, Eguzkilore emakumeen elkartea, Erra­zuko kultur elkartea, Lekaroz eta Gartzaingo gazteak, Elizondoko Gaztetxea, Metaziri aldizkaria, Jo ala jo kultur elkartea, Baztango AEK-ko irakasleak eta Baztango Amnistiaren Aldeko Mugimendua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun