Baztango Udalak inbertsioak zehazterakoan egiten duen politikaren kontra daudela adierazi dute Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Elizondo, Gartzain, Irurita, Arraioz, Oronoz, Aniz eta Berroetako alkateak. Horrela jakinarazi zuten martxoaren 4an egindako agerraldian.
Udala 15 herriena dela oroitarazi zuten eta gisa berean, «aurrekontuak herrietako alkateen iritzia aditu gabe onartu» izana leporatu zioten Udalari: «horren garrantzitsua den afera horretan herrietako alkateok laguntza ematen ahal dugu, gure herrietan diren beharrak adieraziz».
2.630.000 euroko aurrekontua onartu du aurten Udalak, eta alkateen hitzetan, «gehien-gehiena Elizondon geldituko da. Zatirik haundiena, 600.000 euro, Elizondoko Plazan inbertituko da, ia %23. Gainerako 14 herrietan, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik ez duten proiektuetan 200.000 euro inguru inbertituko dira». Baztanek ehunka kilometro pista dituela ere aipatu zuten alkateek: «horiek mantendu eta hobetzeak inbertsio haundia eskatzen du, baina horretarako 150.000 euro bakarrik aurreikusi ditu 2010erako eta den-dena Bagordiko bidean».
Espainiako laguntza inbertitzerakoan ere hutsuneak
Espainiako Gobernuaren dirulaguntza deialdian, 862.912 euro egokitu zaizkio Baztani, baina diru hori ere Elizondon gastatuko dela kritikatu dute alkateek, «eta makurrena dena, elizondarrekin batere kontatu gabe». Joan den urtean emandako 1.388.826 euroak ere «dena Elizondoko hiru proiektutan gastatu ziren: frontoia, Merkatu Plaza eta Jaime Urrutia karrika». Laguntza herri guztien artean banatu beharko litzatekeela azpimarratu zuten.
«Alkateok jasaten dugun tratua eta indiferentzia» ere salatu zuten, «gure eskaera guztiak erantzunik gabe gelditzen dira, Udalak etengabe bizkarra ematen digu».
Bertzalde, UPNren jarrera ere salatu zuten: «beti bezala, kritikatu bertzerik ez du egiten eta ez du alternaibak aurkezteko, ideiak emateko, hitz batean, lan egiteko gaitasunik».