Elizondoko Gaztetxean Palestinari buruzko hitzaldi sorta antolatu dute. Lehenbizikoa ortzegunean, martxoaren 4ean eskainiko da, 21:00etan, “Israel, edo nola zapaldu herri bat” izenburupean. Lurralde palestinarraren bilakaera eta Israelen errepresio sistema azalduko dira. Segidan, 21:30ean, “To Shootan Elephant” bideo emanaldia izanen da. 2008ko Eguberritan, Israelek “Berun Urtua” operazioa abiarazi zuen Gazako herritarren aurka eta 23 egunez bonbardatu zuen Gazako kaiola erraldoia. Bideo hau, sarraskiaren lekukoek, bertan gelditu zirenek bildutako dokumentu gordin eta latza da. Mundu osoan zabaldu da eta euskaraz azpititulatua ikusteko aukera izanen da.
Hurrengo ortziralean, martxoaren 12an, Naji Owdah-ek eskainiko du solasaldia 21:30ean. Naji Owdah, Belengo Deishe errefuxiatu eremuko “Al-Feneiq Center”-eko zuzendarietako bat da. Europako hirietan barna hitzaldiak ematen ari da martxoan. Batez ere, Palestinar errefuxiatuen itzulera eskubideak arituko da, eta eremuetako antolaketaz. Bertakoa izanik, Palestinako egoeraren lekuko aparta da Naji Owdah eta gazteleraz nahiz arabieraz eginen zaizkion galderak erantzunen ditu.