"Baztan" filmearen lehen irudiak hartzen hasi dira Lekarozen

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 2a

Nasa Producciones eta Lazo Visual produktorak utzitako irudietan Unax Ugalde eta Patxi Bengoetxea aktoreak eta Iñaki Elizalde zuzendaria ageri dira. TTIPI TTAPA

Unax Ugalde eta bertze hainbat aktore ezagun ari dira, Baztangoekin batera

“Baztan” filmearen lehen irudiak errodatzen aritu ziren martxoaren 1ean Lekarozen. Iñaki Elizaldek zuzentzen du filmea, berak eta Michel Gaztanbidek sortutako gidoian oinarrituta eta agoteen gaia da istorioaren ildo nagusia. Duela hilabete batzuk egindako “Limpieza de sangre” laburmetraia ere ikusiko omen da filmearen bukaeran. Nasa Producciones eta Lazo Visual-ek eginen dituzte produkzio lanak.

Aipatzekoa da filmearen sekuentzia guziak Baztanen errodatuko direla, gehienak martxoan eta bertzeak urtean zehar, aktoreen agendaren arabera. Izan ere, aktore aski famatuak ari dira parte hartzen: Unax Ugalde, Carmelo Gomez, Kandido Uranga, Txema Blasco, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre. Aktore ezagun hauekin batera, Baztanen egindako kasting-etan aukeratutako aktoreak ere izanen dira. Horren erakusgarri, Nasa Producciones eta Lazo Visualek utzitako argazkietan, Unax Ugalde aktorearen eta Iñaki Elizalde zuzendariaren ondoan ageri den Patxi Bengoetxea baztandar gaztea, “Antxo” izanen da.

Behin irudiak grabatuta, ekainetik irailera filmearen montaia egin nahi dute eta 2011 urte hasieran montaiaren lehen kopia bat lortuko dute. Filmearen aurrejkontua 1,3 milioi eurokoa izanen da eta produktoreek aurrekontu horren %60a estali dute dagoeneko. Gainerakoa ordaintzeko, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Kultura Ministeritzari dirulaguntza eskaria egin diote, eta Akitania aldean ere ari dira galdezka, han ere agoteak izan baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun