Arraiozko hondakin-urak Oharrizen dagoen eta 1995az geroztik martxan dagoen depuradoran tratatuko dira. Eta horretarako nahitaezkoak diren desjabetzeak izendatzea premiazkotzat jo du Nafarroako Gobernuak. 407.406 euroko inbertsioa iragarri da eta horietatik %80 Toki Administrazio Departamentuak bideratuko ditu, eta gainerakoa herritarrek uraren zergak ordainduz ateratzen denarekin.
NILSAk gaur egun dauden bi deskarga puntuak bateratzea erabaki du eta ponpaketarako tresneria eta hondakinak depuradorara garraiatuko dituen hodiak eraikitzea. Horretarako Baztan ibaiaren ezkerraldera dauden hondakinak ponpaketa estazioa dagoen tokira eramateko ibaia gurutzatuko da. Gero, berriz hondakin-ura ezkerraldera bidaliko da, Oharriz aldera. NA-121B errepidea gurutzatu ondotik,errepidearekin eta gasbidearekin paralelo joanen dira ur zikinak Oharrizera.