Juan Renari buruzko liburua argitara eman du Pedro Esarte idazleak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 18a

Pamiela argitaletxeak argitaratu du idazle elizondarraren azken lana. Fermin ETXEKOLONEA

Hain ezagun ez den pertsonai historiko hau Nafarroako konkistan giltzarri izan zela uste du elizondarrak

Pamiela argitaletxearen bidez argitaratu du bere azken liburua Pedro Esarte idazle elizondarrak: Juan Rena, clave en la conquista de Navarra (1512-1538) izenekoa. Otsailaren 18an, ortzegun goizean egin zuen aurkezpena Iruñeko Auzolan liburudendan Pedro Esarte egileak berak, ondoan Tomas Urzainki abokatu eta historialaria zuela.

Juan Rena, clave en la conquista de Navarra (1512-1538) bere azken liburuan, sobera ezagun ez den pertsonai honi buruzko azalpenak ematen ditu Pedro Esarte idazle elizondarrak. Esarteren ustez, Fernando Katolikoa erregeak Nafarroa okupatu zuenean, ezin zezakeen Rena kapilaua zeritzona baino laguntzaile hoberik topatu. Hain zuzen, orduko informazio zuzenik onena Renak berak bildu eta Nafarroako Artxibategi Orokorrean gordea dagoenak eskaintzen digu. XV. mende erditsutik 1512ra bitarte eskubide, jabego, Administrazio eta kargueri buruzko hain dokumentazio gutti dagoenean, nola eskuratu zuen Renak hainbertze informazio, hori lortu ahal izateko inolako kargurik betetzen ez zuela kontuan hartuz? Renak erabili egiten zuen informazio hori, menpekoari bortxa egiteko eta agintaria jakinaren gainean jartzeko. Inteligentzia zerbitzua koordinatu zuen, zelatariak ordaindu eta, behar bazen, agintariei edo erregeari berari dirua aurreratzen zien. Itzalean, Nafarroako konkistatzaile izan zen Juan Rena, formetan maltzur eta helburuetan irmo.

 

Pedro Esarte idazlea 1936an jaio zen Elizondon eta hainbat historia-liburu argitara eman ditu eta zenbait aldizkari eta egunkarietan ere bere iritzia eman du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun