Baztanberri plazan komisaria egiteko proiektua alde batera utzi, eta azkenean, Erabetan egitea erabaki da. Horko lurzati bat proposatu baitio Udalak Nafarroako Gobernuari, eta honek otsailaren 8an eman zion baiezkoa. Iragarri bezala, Udalak dohainik utziko dio eremu hori Gobernuari, honek komisaria berria egin dezan. Milioi bat euroko gastua aurreikusi dute eta obra guztia Gobernuaren gain joanen da.
Proiektua lizitazio fasean dago momentu honetan, eta komisaria eraikitzeko gehienez 12 hilabeteko epea egonen da. Behin lanak akituta, eraikin berrian kokatuko dira foruzainak eta euren ibilgailu eta gainerako materialak.
2006ko abenduan erabaki zen komisaria berria egitea, eta geroztik Santiago Karrikan eduki dute foruzainek egoitza. Joan den urteko apirilean, ordea, komisaria berria Baztanberrin egitea erabaki zen, baina auzotarren eta herritarren artean kontrako jarrera nagusitu zen. Manifestazioa ere egin zen erabakiaren kontra. Hainbat arrazoi zituela erranez, Udalak baztertu egin zuen Baztanberriko proiektua eta orain, Erabeteko lur eremu bat proposatu du. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, onartu egin du toki berria.