Ahots berriez hornitzeko asmoz, Baztango Koru ttikia sortu du Elizondoko Abesbatzak. Baztango 6-14 urte bitarteko haurrek osatua da abesbatza ttikia (Oronoz, Gartzain, Irurita, Berroeta, Elizondo...) eta gan den buruilean eman zioten euren ibilbideari hasiera, Maki eta Cristina Urtasunen zuzendaritzapean.
Abesbatza ttiki honen asmoa aspaldikoa da, eta denbora luzez, bertako zenbait partaidek, Nafarroan eta Nafarroatik kanpo, hainbertze ikastaroetan parte hartu dute, ahotsa lantzeko, hala nola. Helburua haurrak ongi pasatzea, musikarekiko harremana sortzea eta aldi berean, Elizondoko Abesbatzeko harrobia sortzea da, azken finean, jende heldua erakartzea zaila baita.
Ortzegunero, 17:30ean Arizkunenea Kultur Etxean egiten dituzte entsaioak. 30 haur inguru biltzen dira, baina antolatzaileen erranetan, nahi duen guztiarendako ateak irekiak daude, eta Baztango haurrak parte hartzera animatu dituzte.
Lehen emanaldia
Joan den ilbeltzaren 31n, bere lehenbiziko emanaldia eskaini zuten Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Eta arrakasta haundia izan zuen, aretoa gainezka egon baitzen, kontzertuan iraun zuen ordu erdian. Maritxu nora zoaz,Urmaelean eta Wybehla briza belicka kantuak eskaini zituzten, bertzeen artean. Pianoan Cesar Vallejo, akordeoiarekin Leire Telletxea, eta txirula eta klabearekin Xabier Urtasun aritu ziren.