ZALANTZA
«Ez dakigu diru hori nahikoa izanen den behar guztiak asetzeko. Proiektua oraindik ez baitago egina»
Idoia ESKUDERO - Iruritako Guraso Elkartea
Ibili eta buelta, egindako ahaleginek badirudi erantzuna ekarri dutela. Nafarroako Gobernuak 900.000 euroko inbertsioa iragarri du Iruritan eskola berria eraikitzeko. Otsailaren 1ean jakinarazi zuen erabakia, eta 2011ko lehen sei hilabeteetan lanak akituak egotea espero du. Prozesua azkartzeko, proiektua idatzi, zuzendu eta lanak eginen dituena aldi berean kontratatuko da.
Aurkezten diren proiektuek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte: 45 m2ko sei ikasgela eta 30 m2ko bertze gela bat; 45 m2ko informatika gela eta erabilera anitzeko 100 m2ko aretoa. Aldi berean, bi komun izan beharko ditu, horietako bat 30 m2koa ikasleentzat eta bertzea 5 m2koa irakasleentzat; 2 m2ko garbiketa gela; instalazioetan 15 m2koa ere bai; irakasleen gela 30 m2koa izanen da; zuzendaritza-gela 20 m2koa; biltegia 20 m2koa eta portxea 50 m2koa.
Aipatu 900.000 euro horiek 2010 eta 2011ko aurrekontuetatik bideratuko dira, 450.000 urte bakoitzeko.
Guraso elkartea: «sentsazio gazi-gozoarekin»
2010 aurrekontuak onartu zirenerako –2009ko abenduaren 23an– Iruritako Guraso Elkarteak bazekien euren eskola berria eraikitzeko dirua bazegoela. «Momentu hartan poz haundia hartu genuen, gure ahalegin guztiak baliagarriak izan zirelako eta denen artean eskola berrirako dirulaguntza lortu genuelako». Horrela azaldu digu Idoia Eskuderok Iruritako Guraso Elkartearen izenean.
Nafarroako Gobernuak dirulaguntza zenbatekoa izanen den iragarri duen honetan, ordea, zalantza sortu zaie: «ez dakigu diru hori nahikoa izanen den gure behar guztiak asetzeko. Proiektua oraindik ez baitago egina».
Eskola berria 2010-2011 ikasturterako nahi dute Iruritan, baina zaila ikusten dute. Gobernuak 2011ko lehenbiziko sei hilabeteetan eraikia egonen dela erran du, eta beraz, «luzatzen bada, 2011ko ekainean akitu daiteke, eta ikasturte guztia eskola zaharrean pasa beharko genuke», dio Eskuderok. «Hala balitz ere, Nafarroako Gobernua epeak betetzen ariko litzateke», proiektua 2012 Planaren barrenean dagoelako.
Gelak eskas
Gobernuak iragarri dituen gela kopuruak ere kezka sortu die: «zazpi ikasgela behar ditugu, eta oraingoz sei eskaini dizkigute». Horrekin batera, jangelarik gabe gelditzearen «beldur» dira. Gaur egun, eskolatik kanpoko lokal batean ematen diete haurrei jatera, baina «lokal hori eskola berria eraikiko den tokitik urruti geldituko litzateke». Guraso Elkarteko kideak azaldu digunez, «Udalaren bidez, jateko eta gurasoek bilerak egiteko gela egokitzeko eskatu dugu, baina oraingoz ez dugu erantzunik jaso». Hezkuntza Departamentuak eskola kontzentrazioetan baino ez ditu onartzen eskoletako jantokiak, eta Iruritaren kasua ez da hori.
Hortaz, «sentsazio gazi-gozoarekin» gelditu direla nabarmendu digu Eskuderok, «eta denborarekin animatu edo desanimatu eginen gara».