Urtero bezala datorren ikasturteari begira DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko ikasketen gaineko informazio saioak antolatzeko tenorea ailegatu da. Lekaroz-Elizondo BHIko Lekarozko ikastetxeko ikus entzuneko 1 aretoan, beheko solairuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasiko duten ikasleen familiekin eginen dituzte orientazio saioak otsailaren 22 eta 23an, heldu den astelehen eta asteartean.
Astelehenean solasaldiak euskaraz emanen dira, 16:00etan 2010-2011 ikasturtean DBHko lehen maila egin behar dutenentzat; 17:00etan DBHko bigarren mailakoentzat; 17:30ean hirugarren mailakoentzat eta 18:00etan laugarren mailakoentzat. Asteartean, ordutegi bera izanen da maila bakoitzarentzat, baina solasaldia gazteleraz emanen da. Kontuan hartu behar da hizkuntza ez dela ikasleek ikasteko aukeratu dutena, solasaldia bera zein hizkuntzatan izanen den adierazten duela eta gurasoek erabakitzen dute informazioa nola hartu, euskaraz edo gazteleraz.
Datorren ikasturtean Batxilergoa, Lanbide Heziketa edo Unibertsitateko ikasketak egiteko asmoa dutenentzat bilera informatiboak otsailaren 24an, asteazkenean eta otsailaren 25ean, ortzegunean izanen dira.
Aipatzekoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoa eta Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziiketan, 2010/2011 ikasturterako aurrez izena emateko kanpaina martxoaren 2tik 9ra eginen direla.