Oharrizko depuradoran tratatuko dira Arraiozko hondakin-urak

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 15a

Arraiozko hondakin-urak garbitzeko Nafarroako Gobernuak esku artean duen proiektua. TTIPI TTAPA

Horretarako 407.406 euroko inbertsioa eginen da

Arraiozko hondakin-urak Oharrizen dagoen eta 1995az geroztik martxan dagoen depuradoran tratatuko dira. Eta horretarako nahitaezkoak diren desjabetzeak izendatzea premiazkotzat jo du Nafarroako Gobernuak.
407.406 euroko inbertsioa iragarri da lanak egiteko eta horietatik %80 Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak bideratuko ditu, eta gainerakoa uraren herritarrek zergak ordainduz ateratzen denarekin.
Hainbat aukera aztertu ondotik, NILSAk gaur egun dauden bi deskarga puntuak bateratzea erabaki du eta ponpaketarako tresneria eta hondakinak depuradorara garraiatuko dituen hodiak eraiki­tzea. Horretarako Baztan ibaiaren ezkerraldera dauden hondakinak ponpaketa estazioa dagoen tokira eramateko ibaia gurutzatuko da. Gero, berriz, hondakin-ura ezkerraldera bidaliko da,  hau da, Oharriz aldera. NA-121B errepidea gurutzatu ondotik, errepidearekin eta gasbidearekin paralelo joanen dira ur zikinak Oharrizera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun