Goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa bere hondarretan da. Izan ere, larunbat honetan, otsailak 13, azkenaurreko saioa jokatuko da Iruritan. Hain zuzen ere, emakumezkoen 500 kiloko eta gizonezkoen 560 kiloko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da, eta hurrengo larunbatean, berriz, akitu egingo da txapelketa.
Larunbateko saioa 15:00etan hasiko da Iruritako pilotalekuan. Emakumezkoetan, Gasteizko Badaiotz, Sakana, Lesakako Beti Gazte eta Gipuzkoako Ibarra lehiatuko dira. Hurrenkera horretan sailkatu ziren Ezpeletan jokatutako lehen jardunaldian.
Gizonezkoetan, Abadiño, Amaiur, Barrundia, Berriozar, Ñapurrak eta Sokarri lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Abadiño nagusitu zen, baina Amaiur saiatuko da bizkaitarrei aurre egiten. Abadiñok 680, 640 eta 600 kiloetako txapelak jantzi ditu, eta 560koa ere bere egin nahi du. Iruritako saioaren ondotik, hurrengo larunbatean, otsailaren 20an Arrigorriagan jokatuko da azken jardunaldia.
Ondotik, Amaiurko gizonezkoak eta Lesakako Beti Gazteko emakumezkoak Italian jokatuko den Munduko sokatira txapelketan hartuko dute parte.