Otsailaren 12an, ortzileria goizean abiatuko dira Elizondoko inauteriak. Gan den urtean, bertze aldaketa batzuen artean, asteartetik larunbatera aldatu zuten Elizondoko karrozen desfilea, eztabaidaren bat sortu zuen erabaki batean. Xabi Torres alkateak aipatu digunez, «gan den urtean astelehen-asteartean egiten zena ortziral-larunbatera aldatu zen. Orduan, igandean egiteko puska biltzea gelditu zen nahiko gaizki. Horregatik, ortziralera pasatzea erabaki zen, eta erran behar da ortzirala igual ez dela egun aproposena, jendea lanean ari baita, eta goizetik egiten den besta denez… Dena den, 25 bat lagun elkartu ziren iaz. Bada zerbait, eta besta egin zen ».
10:00etan Mozorroak gaztetxearen parean elkartuko dira eta gero puska-biltzea eginen dute. 14:30ean bazkaria izanen dute.
16:00etan Haurren desfilea eginen da.
17:00etan Txokolate-jatea eta dantzaldia izanen dira haurrentzat eta mozorro elkartzea bandak lagundurik.
Ondotik Mozorroen ibilaldia eginen da musikariekin.
22:00etan Jantzilo erretzea eginen da plazan. Dantzak eta gaueko luntxa eginen dira.
Larunbatean herri bazkaria eta mozorroen desfilea
Otsailaren 13an, larunbatean, 11:00etan mozorroak elkartuko dira. Zopak eta ziztor jatea eginen da Ikastolako parkean. Ondotik Txaranga-poteoa eginen da herrian barna Muniartearaino.
14:30ean Herri-bazkaria eginen da Antxitonea jatetxean eta txartelak salgai daude ohiko tokietan. 18:00etan Mozorroen desfilea eginen da txarangak lagundurik.