560 eta 500 kilokoen bigarren saioak otsailaren 13an Elizondon jokatuko dira

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 2a

Amaiurko taldea joan den urtean, 560 kiloko kategoriako kanporaketa batean. Elizondon ere maila horretan neurtuko dituzte indarrak. Artxibokoa

Gizonezkoetan zazpi talde ariko dira eta lau emakumeetan

Urtarril hasieraz geroztik abian diren Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketak aitzinera segitzen dute. Gizonezkoak lau kategoriatan ari dira –680, 640, 600 eta 560– eta emakumezkoak, berriz, bitan: 540 eta 500 kilokoan. Tartean dira Amaiurko gizonezkoak eta Lesakako Beti Gazteko neskak.

Gizonezkoak
680 kiloko lehia egun bakarrean erabaki zen, urtarrilaren 9an, eta Abadiño izan zen txapeldun. Amaiurko taldea azpitxapeldun izan zen.
600 kilokoen txapelketa urtarrilaren 30ean akitzekoa zen, baina lerro hauek idazterakoan oraindik zehaztu gabe zegoen emaitza. Zazpi talde aritu dira kategoria honetan: Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Berriozar (Nafarrroa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Barrundia (Agurain, Araba), Amaiur eta Abadiño A eta B (Bizkaia).
640 kilokoen lehiari joan den igandean eman zioten hasiera. Lau dira maila honetan ari direnak –Ibarra (Gipuzkoa), Barrundia, Amaiur eta Abadiño–. Kategoria honetako bigarren eta azken jardunaldia, berriz, otsailaren 14an jokatuko dute Zeberion (BIzkaia).
560 kilokoetan, larunbat honetan, otsailak 6, hasiko dira Ezpeletan (Lapurdi) eta otsailaren 13an, larunbata, Elizondon eginen dute bigarrena. 17:00etan hasiko da saioa. Azken jardunaldia otsailaren 20an eginen da Arrigorriagan. Kategoria honetan sei talde ari dira: Ñapurrak, Berriozar, Sokarri, Barrundia, Amaiur eta Abadiño.

EMAKUMEZKOAK
Emakumezkoetan ere, eskualdeko ordezkaritza bakarra da Beti Gazterena. Lesakako taldearekin batera, Badaiotz (Gasteiz, Araba), Ibarra (Gipuzkoa) eta Sakana (Nafarroa) dira parte-hartzaileak.
540 kilokoen kategoria joan den larunbatean erabakitzekoa zen Aramaion (Araba).
500 kilokoen lehia, bertzalde, larunbat honetan hasiko da Ezpeletan, eta bigarren jardunaldia Elizondon jokatuko da. Eta azkena Arrigorriagan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun