Abadiño A eta Badaiotz taldeek jantzi dute 600 eta 540 kiloetako txapela, urtarrilaren 30ean Aramaion (Araba). Gizonezkoen 600 kilokoan Abadiño A-k finaleko txanda eta tiraldi guztiak irabazi zituen nagusitasunez. Emakumezkoen 540 kilokoan ere, txanda eta tiraldi guztiak irabazi ditu Badaiotzek, indar xahutze handiegirik gabe.
Gizonezkoen 600 kilo finalean sei taldeok lehiatu dira: Amaiur, Abadiño A eta B (Bizkaia), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Berriozar.
Txapela erabaki zezakeen txanda, finaleko bosgarrena izan zen, Abadiño A-k eta Amaiurrek jokatutakoa. Bi tiraldiak, ordea, Abadiñok irabazi zituen, ohiko soka-kolpea erakutsiz. Lehen tiraldia minutu eta 40 segundoan eraman zuten bizkaitarrek eta bigarrena minutu eta 20 segundoan. Aurrez, txapeldunek Abadiño B menderatu zuten, eta ondotik, Berriozar, Sokarri eta Berriozar, hurrenez hurren. Txapeldunek 2 minutuz behetik irabazi zituzten jokaturiko hamar tiraldiak, eta ongi eutsi zioten iazko txapelari.
Amaiurrek lortu zuen bigarren postua, sailkapeneko ligaskan bezala. Abadiño A izan ezik, gainerako lau taldeak mendean hartu zituen. Lehenik Sokarriri gailendu zitzaion, eta, hurrenez hurren, Ñapurrak, Berriozar eta Abadiño Bri. Ñapurrak taldeak eman zion lanik handiena Amaiurri. Ñapurrakek bere aldetik, galdu egin du Abadiño A eta Amaiurren aurka, baina Berriozar, Sokarri eta Abadiño B menderatu zituen. Sailkapen ligaskan ere hirugarren sailkatu ziren lapurtarrak.
Laugarren posturako lehia espero zen, Berriozar, Abadiño B eta Sokarriren artean. Hiru taldeek galdu egin zuten podiuma osatu zuten hiru taldeen aurka. Berriozar eta Abadiño B-ren arteko deman, Nafarroako taldeak eraman zuen soka bi tiraldietan. Finaleko azken txandan, berriz, Berriozarrek mendean hartu zuen Sokarri, aisa. Bertzalde, Abadiño B eta Sokarriren arteko indar neurketan ere, Abadiñarrek bereganatu zituzten bi tiraldiak.
Gizonezkoen 600 kiloko sailkapena:
1. Abadiño A (Abadiño, Bizkaia): 6 puntu (15 tanto)
2. Amaiur (Amaiur, Nafarroa Garaia): 5 puntu (12 tanto)
3. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 4 puntu (9 tanto)
4. Berriozar (Berriozar, Nafarroa Garaia): 3 puntu (6 tanto)
5. Abadiño B (Abadiño, Bizkaia): 2 puntu (3 tanto)
6. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): puntu 1 (0 tanto)
Emakumezkoetan Badaiotz
Emakumezkoen 540 kilokoek, hirugarren jardunaldia jokatu zuten, eta, Badaiotz (Gastei), Beti Gazte (Lesaka), Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa)
eta Sakana (Nafarroa) aritu ziren. Aitzineko bi jardunaldietan bezala, hirugarren saioan ere Badaiotzek mendean hartu zituen gainerako hiru kontrarioak, tiraldi guztiak irabazita. Sakana eta Beti Gazteren arteko lehian zer gertatuko ote zen ikusmin zen, bigarren jardunaldian berdindu egin baitzuten, baina Sakanak bi tiraldiak irabazi zizkion Lesakako taldeari.
Emakumezkoen 540 kiloko hirugarren jardunaldiko sailkapena:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 9 tanto
2. Sakana (Arbizu, Nafarroa) 6 tanto
3. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa Garaia) : 3 tanto
4. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa) : 0 puntu
540 kiloko azken sailkapena (hiru jardunaldi jokatuta):
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 12 puntu
2. Sakana (Arbizu, Nafarroa) 8,5 puntu
3. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa Garaia) : 6,5 puntu
4. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa) : 3 puntu
Heldu den larunbatean (otsailak 6) gizonezkoen 560 eta emakumezkoen 500 kiloko txapelketak hasiko dira, Ezpeletan (Lapurdi). Otsailaren 7an, berriz, igande eguerdian, gizonezkoen 640 kiloko txapela erabakiko da jardunaldi bakarrean, Zeberioko pilotalekuan. Amaiur, Amadiño, Ibarra eta Barrundia lehiatuko dira.