Nafarroako Gobernuak otsailaren 1ean egindako bileran baimendu du 900.000 euro jartzea Iruritan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe berria eraikitzeko. Ikastetxe berria egiteko lanak Nafarroa 2012 Planean daude jasota. Helburua da dagoeneko zaharkituta dauden instalazioak alde batera uztea eta ikastetxea eraikin berri batean jartzea, dauden hezkuntza premiak betetze aldera.
Eraikin berria “giltza eskura” delako sistema medio eginen dute; sistema hori erabiltzen da proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko eta egiteko kontratua prozedura bakar baten bitartez egiteko. Hala, bi espediente bateratu egiten dira eta, ondorioz, epeak murrizteaz gain, obrak lehenago akitzen dira. Alde horretatik, aurreikusi dute obrak 2011ko lehen seihilekorako akitzea.
Guttieneko baldintzak
Otsailaren 1ean adostutako akordioan eskaintzaileek bete beharreko guttieneko baldintzak jaso dituzte. Hala, ikastetxeak eduki behar ditu, gutxienez, 45 metro koadroko sei gela, 30 metro koadroko banaketa gela bat, informatika gela (45 m²) eta erabilera askoko gela bat (100 m²). Modu berean, bi komun eduki behar ditu (bat ikasleentzat, 30 m²-koa; eta bestea irakasleentzat, 5 m²-koa), garbiketa gela (2 m²), instalazio gela (15 m²), irakasleentzako aretoa (30 m²), zuzendariaren bulegoa (20 m²), biltegia (20 m²) eta ataripea (50 m²).
Nafarroako Gobernuak 900.000 euro inbertituko ditu, 2010eko eta 2011ko aurrekontuen kargura (ekitaldi bakoitzean 450.000 euro).
Gogoratu behar da Iruritako guraso, irakasle eta ikasleek hainbat mobilizazio egin dituztela ikastetxe berriaren alde, eta badirudi indar horrek bere emaitza eman duela.