Azken urteotan hutsik egin gabe taldeak atera ditu Basaburuak Nafarroako Herri Kirol Jolasetan, kimu, haur zein kadeteen mailan. Eta maila ona ematen asmatu du gainera. Aurten, baina, badirudi arazoak daudela taldeak osatzeko. Eta horregatik, deialdi berezia egin diete Basaburua taldeko entrenatzaileek gaztetxoei, 11 eta 16 urte bitartekoei, zehazki.
Proba konbinatuetan eta sokatiran aritzeko izanen litzateke –kimuen mailan, 11-12 urtekoetan, konbinatuetan bakarrik–, eta otsailaren 28tik martxoaren 28ra, asteburuetan jokatuko dira jardunaldiak. Autobusa ere izaten da jardunaldietara joateko.
Basaburuakoek ortziraletan egiten dituzte entrenamenduak Anizen, 20:00etan hasita, eta interesatuak harat joan daitezke, edo bertzela telefono honetara deitu: 659 779892.