Karrikentzako izen berriak proposatu dituzte herri batzuek

Maite Oteiza 2010eko otsailaren 2a

Udalaren eskuetatik pasako da batzarreek proposatutakoa

Hamabortz herrietako karrika izendegiak berritzeko abian den ekimenak aitzinera segitzen du. Batzarreetan ari dira izenak proposatzen eta horietako batzuetan aukeratu dira dagoeneko izenak. Batzarreek proposatutakoa, Udalak onartu beharko du.

Elizondon
Urtarrilaren 16an egindako batzarrean aukeratu ziren Elizondon airean zeuden karrika eta tokien izenak. Ez zuen batzarreak interes haundiegirik piztu, 13 lagun baino ez baitziren bildu. Eta Xabi Torres Elizondoko alkatearentzat, «pena» da hori. «Bozketa ez egitea ere planteatu zen, baina deialdia egina zen eta hedabideetan ere zabaldua, jendeak bazekien eta azkenean egitea erabaki zen».
Aitzineko hilabeteetan egindako proposamenak aintzat hartuz aukeratu ziren izenak. «Toki izenek lehentasuna» eduki zutela ere gaineratu digu Torresek.
Elbetetik Etxarri alderako 2,5 kilometroek Santiago Karrika izena eduki dute orain arte, baina eremu luzea dela kontuan hartuz eta zati horretan etxeak eginen balira, zenbakiekin arazorik ez egoteko, Renault ingurutik Etxarri alderako zatiarentzat Datue izena proposatu da, inguru  horretan dagoen jauregi zahar baten izena hori delako.
Bertzalde, Paularena inguruan, Beartzunera bidean hiru gune bereizi dira. Lehenbiziko gunearentzat Urepel plaza proposatu da; bigarrena Aita Donostiaren jarraipena izanen litzateke eta hirugarrena Plazaburua. Maurizio eta Felix plaza aldeko karrika batek Erlategi izena hartuko luke.
Fantxike dendaren parean egin den plaza berriarentzat Ahaztuen plaza izena planteatu du batzarreak. «Memoria historiaz oroitzeko aukeratu da izena», dio Torresek.
Herri sarrerako etxe batean ageri den eta garai bateko ikurrak dituen Elizondo-Valle de Baztan plaka ere kendu eta gorde nahi du batzarreak, eta horren ordez, Elizondo-Baztan paratu.
Etxeen zenbakien inguruan herritarrek aurkeztutako alegazioak ere ontzat eman dira.

Iruritan ere eginak
Iruritan ere batzarrea egin eta karriken izenak gaurkotu eta berrien kasuan izendatzeko proposamenak egin ditu.
Horrela, Angel Mª Hualde karrikak Hirubur izena hartuko luke; Juan Bautista Aleman karrikak Tturriotz; Luis Gaztelu Gaztelu izatera pasako litzateke, garai batean, hilerria dagoen lekuan gaztelu bat zegoelakoz; plazatik Arraioz aldera, Zaldubi karrika eta plazatik Elizondo alderat Karrika Nagusia.
Aipatzekoa da, udaletxean etxeren baten izenik ez badute, hori jakinarazteko momentua dela. Hartara, herriko planoetan agertuko da.
Gainerako herrietan proposatu diren aldaketa hurrengo aleetan biltzen saiatuko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun