Zer du irabazteko Baztanek zundaketa hauekin?

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 1a

Isabel ALEMAN, Marian ETULAIN eta Edurne GOIENETXE

Hori da gure buruari galdetzen dioguna urtarrilaren 4ean Baztango batzar orokorrean egon ondotik.Bertze gaien artean, Amaiurko MUNOn Ofita bilatzeko Zundaketa batzu egiteko aukera aztertzen zuen punto bat eztabaidatu zen orduan.
Amaiurko herriak, bozka bidez, zundaketa horien aurkako iritzia azaldu zuen: partehartzea %90 ingurukoa izan zen eta hauetatik %95 zundaketen aurka agertu zen. Emaitza aski argia izanik, udaleko bi taldeei (NABAI eta UPN) gutxi arduratu die. Amaiurko alkate-juradoak gaia mahai gainean uztea eskatu zion batzar orokorrari (junta generala), honela batzarreko pertsona guziek leku eta afekzioei buruzko informazio gehiago izan zezaten. Amaiurtik argi ikusi baitugu, batzar orokorreko partehartzaileetako guttik dakitela, zehazki, MUNO non dagoen. Zergatik aurka gauden? Arrazoi aunitz daude.
Lehena eta garrantzitsuena: biztanleen erdia (250tik, 100 inguru) zundaketa eta etorkizuneko harrobitik 2 km edo gutxiagora bizi garelako (batzu 200metrora).
Bigarrena: Udalak, baimenak errezegi eman dituelako;  etorkizuneko proiektuaz, empresari, ez dio inongo dokumentaziorik eskatu (herriari eskaini eta erakutsitakoa ez seurik). Horregatik udalak ez daki zenbat lur mugituko den, inguruko lurretan izango dituen eraginak… harrobia egin ezkero. Beraiek diote: “zundaketak dira bakarrik”. Bai eta, gero?
Hirugarrena, Udalak dioenez, onuragarria omen da bailararentzat, bere lur azpian dauden ontasunak jakitea. Hau badakigu Nafarroako mapa geologikoei esker; mapa hau denentzat eskuragarri dago Naforroako gobernuko salmenta tokietan. Beraz, zundaketa hauek tramite hutsa dira; dakitena baieztatu eta bide batez harrobiaren proiektuan pausu berri bat emateko.
Laugarrena, Harrobi honek izango duen ikuspegiarekiko eraginagatik. Harrobi hau N-121B errepideak (60-62 km-en artean) inguratzen duen magal batean kokatuko litzateke. Zundaketak errepide honen inguruko lurretan eginen dira eta puntu hau Baztangoiza guzitik ikus daiteke hala nola kuartel hau inguratzen duten mendi guzietatik (Alkurrunz,Gorramendi,Auza...). Harrobi honek gutti lagunduko du Udaletik (NABAIko alkate eta zinegotziek) indartu nahi omen duten nekazal turismo iraunkorrari.
Orain arte errandakoagatik, gure  ustez Bailarak deus gutti dauka irabazteko zundaketekin. NABAI inoiz ez du kontuan eduki inguruko lurrei eta biztanleei eragindako kaltea (asotsa, hautsa, trafikoa...) zundaketa hauei baiezkoa ematean; bertzalde, enpresa pribatu batek ez du ulertuko zundaketarako baimena ematea eta ondotik harrobiaren hustiaketa proiektua aurkezterakoan, udalak arazo eta onura guziak sakonki aztertuta, ezezko bat hartzea, agian, Udalak, arazoen dimensioa,  onurena (zerga batzu eta agian lanposturen bat) baino handiagoa dela ikusita.
NABAIko udal taldeak bere jarrera berrausnartu dezan eta ez daiela iraganean, denek ezagutzen ditugun eta egunkari eta aldizkarien orriak bete zituzten, egindako akatsetan berriro erori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun