Herriko karrika berrien izen proposamenak egin ditu Elizondoko batzarrak

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 22a

Elizondoko karrikei izenak jartzeko proposamenak egin dituzte herritarrek. TTIPI TTAPA

Baztango Udalak onetsi beharko ditu orai

Joan den larunbatean egindako batzarrean Elizondoko bizilagunek karrika eta plaza berriendako izen proposamenak agertu ziren. Xabi Torres alkatea ez zegoen sobera kontent herritarren partehartzearekin, hamabortz bertzerik ez baitziren agertu batzarrera, “baina egia da kezka gehiago sortzen zuten gaiak batzarrean landu direnean jendea agertu dela”. Aipatu behar da elizondarrek izenak proposatzeko aukera izan dutela eta orai, Baztango Udalak onetsi beharko ditu izen horiek. Torresek aipatu duenez, “izen propioak baino nahiago genituen toponimoak eta gehienetan horrela gertatu da”.
Honela, elizondarren proposamenak hauek izan dira: Santiago karrikan, Renault-en tailer ingurutik Etxarrira bitarteko zatiari Datue karrika deitzea; Paularena inguruan Beartzunerako bidean dagoen lehen plazari Urepel; zati horretako bigarren karrika, Aita Donostia karrikaren segida denez, halaxe deituko da eta goitiago dagoen plaza Plaza Burua. Goitian dagoen karrika, berriz, Erlategi deituko da.
Santiago eta Jaime Urrutia karriken artean sortu den plaza berriari Ahaztuak plaza jartzea proposatu dute elizondarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun