Bazterrak zuri-zuri utzi ditu aurtengo lehen elurteak eta itxuraz ikusteko polita izan arren, zenbait arazo ere izan dira. Herri ttikienetara ez zen ailegatu elurra kentzeko makinarik eta Berroetan, erraterako, herritarrek traktoreekin garbitu behar izan zituzten bideak –argazkia–. Baina are ezbehar larriagoa gertatu zen Arizkundik Erratzura bidean, Lamierritako bidegurutze eta Ikatzatea tartean, hilaren 9tik 10erako arratsean. Autoa errepidetik atera eta hil egin zen Agustin Arruti, 43 urteko arizkundarra. Berarekin zihoan Francisco Lakar Iruñerat eraman zuten zauritua.