Urte berriari begira, 9.974.283,87 euroko aurrekontu orokorra onartu du Udalak. Horren barne, Baztan Ikastolari 667.288,87 euro bideratuko dizkio eta Francisco Joakin Iriarte zahar-etxearentzat 115.300 euro emanen ditu.
Gainerakoan, inbertsio haundiena Elizondoko plazako lanetan eginen da, 600.000 euro, hain zuzen. Almandozko zeharbidea egiteko 360.000 euro onartu ditu Udalak eta obra honetan, gainerako zatia Nafarroako Gobernuak ordainduko du. Elizondoko Herriko Etxeko teilatua konpontzeko 115.000 euro izanen dira, eta Amaiurko Herriko Etxeko teilaturako, berriz, 130.000 euro.
Herriko eskolan 120.000 euro gastatuko dira eta liburutegi berriko altzarietan 90.000 euro. Hiltegian ere zenbait obra eginen dira eta horretarako 100.000 euroko diru-saila hitzartu du Udalak eta Berroetako frontoia berritzeko 40.000 eurokoa.
Kultur Etxean konponketa ttiki batzuk ere egin nahi ditu Udalak eta horretarako 10.000 euro bideratuko dira. Ordenantzak zaharberritzen segitzeko eta herritarren parte-hartzerako 10.100 euro adostu ditu, eta oihaneko lanetarako, azkenik, 300.000 euro.
30 toki gehiago zahar etxean
5.294.402 euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak Nafarroako 12 zahar-etxetan 223 leku gehiago hitzartzeko. Dirulaguntza jasoko dutenen artean dago Elizondoko zahar-etxea, eta horren bidez, 30 toki gehiago eginen dira.
OHIKO DIRU-SAILAK
Baztan Ikastolak 667.288,87 euro hartuko ditu eta Francisco Joakin Iriarte zahar-etxeak 115.300 euro.