Baztango Batzar Nagusiak urtarrilaren 4an egindako urteko lehen bilkuran baimena eman zuen Amaiurko Munoa inguruan, Azysa enpresak bultzatutako zundaketa lanak egiteko. Lau orduko bilkuraren ondotik hartu zuen erabakia, bozketa sekretuaren ondotik. Amaiurko herriak tramiteak bertan behera uzteko eskatu zuen Julian Rekalde alkatearen bidez. Abenduan 5ean egindako batzarrean, harrobiaren galdeketan, botoa eman zuten 199 amaiurtarretatik (229k zuten bozkatzeko eskubidea) 189 lagunek ezezkoa eman zuten, boto-emaileen %95ak, alegia. Amaiurtarren kontrako jarrera eraman zuen bilkurara alkateak eta «amaiurtarren erditsua inguru horretan bizi dela» gogorarazi zuen. Komunalak defenditu! edo Baztan ez dago salgai zioten paperak agertu zituzten bizilagunek.
NaBai udal taldeak, ordea, bertze proposamena aurkeztu zuen Batzar Nagusian eta zundaketak egitea onartzeko eskatu zuen, «balleko ondasunak ezagutzea gure garapenerako beharrezkoa delako». Dena dela, zundaketarako baimena Nafarroako Gobernuaren ardura dela argitu zuen NaBaik. UPNko zinegotziak ere zundaketak onartzearen alde agertu ziren. Denera 19 boto izan ziren baimena ematearen alde, 8 kontra eta 2 zurian.
Bertzalde, basurde kotoa zabaltzearen kontra agertu zen Batzar Nagusia, amaiurtarrek bozketan hartutako erabakia bere gain hartuz.