Munoako zundaketa landu zuen Junta Generalari buruzko azalpenak agertu dituzte Amaiurko alkate eta kargodunek

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 11

Amaiurren nahi ez dutena bertze herrietara bidali nahi dutenik ukatu dute, alkatordeak errandakoa gezurtatuz

Urtarrilaren 4ean Baztango udalean izan zen batzar orokorrean Amaiurko Munoan Azysa enpresak egin nahi dituen zundaketei buruzko eskaria landu eta hasierako baimena eman zuen Junta Generalak. Han aipatutako zenbait konturen inguruan bere iritzia eman nahi izan dute Julian Rekalde Amaiurko alkateak eta kargodunek eskutitz bidez. Idatzian ageri denez, ”ez ditugu gai honen haritik, udaleko korporaziotik entzun ditugun komentario, azalpen edo adierazpen desberdinak idatziko arront luze joko bait zuen, hala ere gan den asteleheneko batzar orokorrean  egondako gaizki ulertu edo hitzen manipulazio bat argitu nahiko genizueke”.

Hain zuzen, Azysa enpresak Amaiurko Munoan egin nahi dituen zundaketei buruz mintzatzen hasi ziren Batzar orokorreko kide ezberdinak beren iritzia emanez, baina udaleko alkateorde eta NABAI-ko kideak egin zuen aipamen bat argitu nahi izan dute.

Afera da “Amaiurtarrok nahi ez duguna bertze herrietara bidali nahi dugula” aipatu zuela alkateordeak eta, “hau, dudarik gabe, gezurra borobila delarik! Hala bazen, gure teilatura harria botatzen ariko ginen, eztala?” diote Amaiurko alkate eta kargodunek,

Batzarra baino bi hilabete lehenago, gutti gora behera, Azysa enpresarekin bilera bat izan zuten, beraien ideia zein zen azaltzeko, eta bertan, Ofita materiala arront eskasa baino beharrezkoa zela erran zuten Azysako ordezkariek.

Ondotik, NABAI eta UPN-kin elkartu ziren amaiurtarrak, “herrian egin zen Herri-Bozkaketaren emaitzak erakusteko asmoz, bide batez, gure nahia zein zen azaltzera, zundaketak ez egitea. Hasiera batetik ikusi genuen bi udal taldeek beren erabakia hartua zeukatela gurekin egon baino lehen. Hala ere gure jarrera eta kezkak azaldu genizkien”. Bilera horretara, Nafarroako Gobernuko Plano Geologikoen kopia eraman zuten, erakutsiz, Ofita materiala ez dela hain eskasa, Azysak dioen moduan, “eta gure ustez jakin beharreko lehendabiziko gauza, Baztanek zenbat material behar duen jakin beharko litzatekeela (jakinik momentu honetan Almandozen material berdina ateratzen ari direla), ondotik bigarren harrobi bat beharrezkoa den edo ez jakiteko” beti ere amaiurtarren eskutitzak dioenez.

Horretaz gain erran beharra dago, mapa geologiko horretan jakin daitekela gutti goiti behiti zee material klase dagoen zonalde bakoitzean eta honek NABAIren proposamenean “bailarako baliabideak ezagutzea” deuseztatzen du. Jadanik baitakigu hor ofita dagoela, oraindik ez dakiguna ustiaketa komertzial bat errentagarria den edo ez” diote Julian Rekalde eta Amaiurko kargodunek.

Bigarren harrobi honen kokalekua da amaiurtarrak gehien kezkatzen duena, “eta ez dugu ez Amaiurko baserri eta herriaren ondoan nahi, ezta Baztango bertze edozein baserri edo herri ondoan ere. Horregatik zuek nahi duzuenean harrobiaren kokaleku zehatza erakusteko prest gaituzue (etortzera gonbidatzen zaituztegu) eta gogora ezazue arren Amaiurko herriaren %94ak (bozkatu zutenen %87-tik) zundaketa eta harrobi proiektuaren aurka agertu zela. Herriaren hitza kontuta ez hartua izana ere errespetu falta bat iduritzen zaigu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun