Elizondoko herriak Errege Eguneko urteko lehen batzarra egin zuen eta bertan azaldutako datuen arabera, 31.382 euroko irabaziekin akitu zuen 2009 urtea. 121.820 euroko dirusarrerak izan ditu aurten Elizondoko herriak eta 90.438 euroko gastuak. Gastuen artean, handiena, Santiago besten antolaketa da, 61.632 euro, “horietatik 13.667 euro plazako musikarendako, 11.658 karrikako animazioarendako, 6.954 haurren ekitaldiendako eta 5.124 Mendiarte graffitiendako”, Xabi Torres alkateak emandako azalpenen arabera. Besten aurrekontua nabarmen jautsi dela ere azpimarratu nahi izan zuen, “koadrillen partehartzeari esker”. Programan sartutako publizidadearekin 12.370 euroko sarrerak izan zituzten, Balleko Udalak 10.890 euro jarri zzituen eta postuak jarri zutenei 3.870 euro kobratu zitzaien.
Bertze diru-sarrerei dagokienez, herritarren kuotarengatik 38.465 euro sartu dira herriko kutxan, nahiz eta oraindik bertze 204 errezibo (7.878 euro) kobratzeko izan; ferietan 21.864 euroko sarrerak izan ziren eta ortzegunetako merkatuan 4.382 euro. Hilerriko gastuen bigarren seihilekoari dagokion 2.103 euroko gastua gelditzen da orain ordaintzeko, baina hilerreiak 2.800 euroko superabita eman zuen iaz. Hain zuzen, hilerria kudeatzen duen Cemendena enpresarekin bi urterako luzatuko da kontratua.
Xabi Torres alkateak superabitarekin zer egin galdegin zien batzarrera azaldu ziren hogei elizondarrei eta zenbait proposamen ere aditu ziren: herriko jabetza guzien paperak egin, Herriko Etxearen teilatua moldatu, Iriarte frontoia moldatu edo musika bandak entsaiatzen duen aretoa moldatu, bertzeak bertze.
Urtarrilaren 16an eginen den bertze batzarre batera ere deitu zuten. Gai nagusia, herriko karrika eta plkaza berriendako izenak jartzea izanen da eta horretarako proposamenak biltzen hasiak dira dagoeneko.