Nafarroako Gobernuak enpresa kanpusa egin nahi du Lekarozko ikastetxe zaharra bota eta gero geldituko den eremuan, baita hizkuntz murgilketarako zentrua eta harrera-eremua eliz inguruan.
Alvaro Miranda, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gidatu du urtarrilaren 8an Lekarozko Jarraipen Batzordearen bilera eta ideia lehiaketa irabazi duen proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Nafarroako Gobernuko ordezkariekin batera, Balleko udalekoak eta Lekarozko ikasle ohien elkartekoak izan dira. Hain zuzen, Asoarq Arquitectos Asociados SLk aurkeztutako ideia izan da garailea. 120.868 metro koadroren urbanizazioa proposatzen du eta horietatik 34.000 metro koadro bitarte eraikiko dira. Berdegune zabalak izanen ditu eta oinezkoendako nahiz bizikletendako bideak proposatzen dira. Izan ere, autoak bakarrik eremuaren ingurutik ibiltzen ahalko dira eta kanpoko aparkalekuetan utzi beharko dira.
Hiru oinarri izanen ditu eremuak. Eliz inguruko 11.695 metro koadrotan harrera eginen da; baratzeak zeuden lekuan, 49.691 metro koadroko eremuan enpresa parkea eginen da eta garai bateko ikuiluetan hizkuntz murgilketarako zentrua eraikiko da, 59.482 metro koadroko eremuan.