Bi proiektuk sortu dute eztabaida Amaiurren: Muno aldean Punpulusta ondoan ofitazko harrobi bat egiteko proiektuak eta Amaiur eta Azpilkueta aldean, Mendialdea jatetxearen gaineko aldean, ehizako koto intentsiboa eta basurdeen partea egiteak. Harrobiaren proiektuari dagokionean, Azysa enpresak zundaketak egiteko baimena eskatua omen dio Udalari. Badirudi zundaketaren helburua toki horretan ofita badagoen ala ez, eta baldin bada zein kalitatekoa den jakitea dela. Baina material ona agertuz gero, harrobia egitearen beldur dira Amaiurren. Ofita asfaltoa egiteko material bat da.
%87ko parte-hartzea
Abenduaren 5ean bi proiektuei buruz iritzia emateko bozketetarat deituak izan ziren herritarrak. Bi kasuetan bai ala ez erantzun behar zen eta parte-hartze altua eduki zuten bozketek: botoa emateko eskubidea zuten 229 lagunetatik 199k eman zuten botoa, %87ak, beraz.
Harrobiaren galdeketan, 199tik 189 lagunek ezezkoa eman zuten, boto-emaileen %95ak, alegia. Bortz lagunek harrobiaren aldeko botoa eman zuten, eta bertze bortzek boto xuria.
Basurdeen kotoaren inguruan, 199 lagunetik 188 agertu ziren kontra, %94,5, hain zuzen. Bortzek baiezkoa eman zuten, eta seik boto xuria.
Aberastasun haundia omen dugu baztandarrok zangoen azpian, gure inguruan, harrobi mamua tarteka iratzarri eta bere atzaparrak erakustek daukutelakoz.
Aspaldixko Amaiurren, Alkurruntzen, zundaketak egiteko asmoa izan zen, Erdizen eta Pikotan berriki, eta orain berriz ere Amaiurrerat itzuli da. Honek ere negualdiak ditu, eta udaberria ailegatzean bueltaxka egin behar du, ea inguru honetan zerbait jatekorik baden ikusteko.