Baztango Junta Generalak urtarrilaren 4ean egindako urteko lehen bilkuran baimena eman zuen Amaiurko Munoa inguruan, Azysa enpresak bultzatutako zundaketa lanak egiteko. Lau orduko bilkuraren ondotik hartu zuen erabakia, bozketa sekretuaren ondotik. Amaiurko herriak tramiteak suspenditzea eskatu zuen Julian Rekalde alkatearen bidez. Abenduan 5ean egindako batzarrean, harrobiaren galdeketan, botua eman zuten 199 amaiurtarretatik (229k zuten bozkatzeko eskubidea) 189 lagunek ezezkoa eman zuten, boto-emaileen %95ak, alegia. Bortz lagunek harrobiaren aldeko botoa eman zuten, eta bertze bortzek boto xuria. Amaiurtarren kontrako jarrera eraman zuen bilkurara alkateak eta “amaiurtarren erditsua inguru horretan bizi dela” gogorarazi zuen. Hainbat bizilagunek “Komunalak defenditu!” edo “Baztan ez dago salgai” zioten paperak agertu zuten
Baztango NABAI udal taldeak, ordea, bertze proposamena aurkeztu zuen Junta Generalean eta zundaketak egitea onartzea eskatu zuen, “balleko ondasunak ezagutzea gure garapenerako beharrezkoa delako”. Dena dela, zundaketarako baimena Nafarroako Gobernuaren ardura dela argitu zuen NABAIko udal taldeak. NABAIrekin batera, UPNko zinegotziak ere zundaketak onartzearen alde agertu ziren. Denera 19 botu izan ziren baimena ematearen alde, 8 kontra eta 2 txurian.
Bertze aldetik, basurde kotoa zabaltzearen kontra agertu zen Junta Generala, kasu honetan bai, amaiurtarrek bozketan hartutako erabakia bere gain hartuz.