Abenduaren 30ean, asteazkenean, Bertan Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza elkarteak aurten hirugarren aldiz ospatu den eskaparate lehiaketaren sariak banatu zituen Elizondon.
Ekitaldia berez irabazlea suertatu den Burdain bitxi-dendan ospatzekoa bazen ere, azkenean bigarren postuan gelditu den Foto Menan izan da, lehendabizikoaren ezintasunagatik. Hirugarren postua “ex–aequo” banatua izan da Beatriz lurrin-denda eta Esarte haragitegiendako, lehendabiziko biak bezalaxe Elizondokoak hauek ere.
Epaimahaia Baztango Udalako Mª Karmen Iribarren, Nafarroako Komertzio Elkarteko Mikel Benet eta Fernando Gorostidi margolari baztandarrak osatu dute. Burdainen “tokia aprobetxatzeko modua eta bereizmen fina” nabarmendu dute, Menan “argitze onarengatik sortu diren toki berriak”, Beatrizen “antolaketa klasiko eta elegantea” eta Esarten “etxeko produktuak erabiliz lortu den originaltasuna eta eskaparate alaia”.
Irabazleek modu onez hartu dituzte euren sariak, Xorroxin irratian 20, 15, eta 10 aldiz iragarriak izatea, hurrenez hurren.