Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Urtarrilaren 4ko Batzar Nagusian bide komunalak defendatzea eskatu du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak

TTIPI TTAPA 2009ko abe. 31a, 09:56

Urtarrilaren 4an eginen den Baztango Batzar Nagusian bere 16 eta 17. puntuetan komunalen defentsarako aukera izanen dute herrien ordezkariek, Aroztegia… eta gero zer? Plataformak jakinarazi duenez.

2002an Aroztegiko nagusia zen enpresak bideak bereganatu zituelarik Batzar Nagusiak komunala babestu zuen aho batez; hale ere, eremuaren jabe den enpresak (lehenagokoak eta oraingokoa) behin eta berriz saiatu dira bideak bereganatzen Udalaren laguntzarekin, beti ere Plataformaren idatziaren arabera.

Lekarozko herriak 7 urte hauetan Batzarreen bidez, hala nola herritarrak banaka bide komunalen defentsan aritu direla jakinarazi du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak: «bi aldiz alegazioak aurkeztu dizkiote bidegabeko jabekuntzari, eta bederatzi Batzar Nagusi izan dira gaiari buruz. Bailarako bertze herrietako alkate batzuek ere bai, bide komunalen alde agertu dira denbora honetan, adibidez 2005eko Batzar Nagusiak, aho batez ere, finkaren deslindea egitea adostu zuen jakiteko zenbat bide publikoak dauden, baina Udalak ez du akordioa bete”.

Plataformatik bide komunalen defentsarako deia luzatu nahi diete udal eta herrietako ordezkariei  urtarrilaren 4an, 11:30ean izanen den Batzar Nagusian «tinko eta garbi agertzeko komunalaren babesean, zazpi urte pasa ondotik oraindik arriskuan segitzen dutelako; halaber, egin gabe dagoen deslindea epe zehatz batean gauzatzeko eta hori egin arte Aroztegiari buruz deus ez erabakitzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun