Lekarozko Aroztegiako proiektuaren kontrakoek taldea aurkeztuko dute abenduaren 17an

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 17a

Aroztegia eta gero zer? taldeak egitasmoa geldiarazi nahi du

Lekarozko Aroztegia Jauregian eta inguruan egin nahi den inbertsioaren kontrako hainbat herritarrek formalki antolatuko direla iragarri dute. Horrela diote hedabideetara bidali duten oharrean. Aroztegiko gaiaren gainean «kezkatuta» dauden baztandar batzuk dira eta taldea ortzegun honetan, abenduak 17, aurkeztuko dute, arratsaldeko 19:30ean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, “Aroztegia eta gero zer?” izenarekin, “Aroztegiako egitasmoa (hotela+golf zelaia+252 etxebizitzako eremu erresidentziala) geldiarazteko”.
Egitasmoko 252 etxebizitzako urbanizazioaren inguruko «isiltasunak biziki harritu» dituela ere salatu dute, eta egitasmoaren sustatzaileei buruz ere gauza bat argitu nahi izan dute: «Palacio de Aroztegiaren izena BALTEA  promociones inmobiliariasek 2009an hartu duen izena da. Hala, Inmobiliaria Caixa-Galiciak BALTEAn %50ko partehartzea duela aipatu beharra dago, eta bertze erdian hainbat partikularrek parte hartzen dutela.  Horregatik,  egiazko jabeen nortasuna isiltzea aski salagarria da, batez ere, egitasmoaren bulkatzaileak bertakoak direla saldu nahi baitute».
Urriaren 4an Lekarozko Batzarrean egindako herri-galdeketari ere aipamena egin diote baztandar hauek: «%48ko partehartze mailarekin, herritarren %67 lurren birkalifikazioaren aurka agertu zen». Galdeketa hau Udal Planaren aldaketa puntuala hasiera batean onartu zela jakin eta gero egin zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun