Amaiurko gizon eta emakumeak jaun eta jabe sokatiran

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 15a

Alde haundirik gabe, Beti Gazte bigarren izan da

Nafarroako Goma Gaineko 8x8 Sokatira Txapelketako lehenbiziko postu guztiak Amaiurrera joan dira, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan ere. Gizonezkoak 640 eta 600 kiloko kategoriatan ibili dira lehian eta emakumezkoak, berriz, 500 kiloko mailan. Eta Amaiurko taldeen nagusitasuna agerikoa izan da.
Gizonezkoetan, hiru talde aritu dira 640 kilokoan: Amaiur, Berriozar eta Txantrea. Eta txapelketan jokatu diren hiru jardunaldiak irabazi zituzten amaiurtarrek. Saio guztiak irabazita 9 puntu batu zituen talde txapeldunak. Bigarren postua Berriozarrentzat izan zen, 6 punturekin, eta hirugarrena Txantrearentzat, 3 punturekin.
600 kiloko txapelketan, berriz, Amaiur eta Berriozar aritu dira aurrez-aurre eta hiru jardunalditatik bi irabazi zituen Amaiurrek. Azaroaren 28an Elizondon jokatu zen azken saioa, eta orduan baino ez zen izan Berriozar garaile. Guztira, 5 puntu lortu zituen Amaiurrek, eta 4 Amaiurrek.

Emakumezkoetan lehia estua
Emakumeen arteko lehia estuagoa izan zen, batez ere, Beti-Gazte, Amaiur eta Sakanaren artean. Lau talde aritu dira lehian: Lesakako Beti-Gazte, Amaiur, Sakana eta Berriozar.
Azaroaren 14an Arbizun jokatutako lehen saioan Beti-Gazte izan zen nagusi; Amaiur eta Sakanak berdinduta akitu zuten eta Berriozar gelditu zen laugarren. Azaroaren 21ean Lesakan jokatu zen jardunaldian, ordea, Amaiurrek irabazi zuen, eta Beti-Gazte eta Sakanaren artean berdinketa izan zen. Berriozar azkena gelditu zen. Eta azaroaren 28ko azken saioan, Amaiur izan zen irabazle; Beti-Gazte bigarren, Sakana hirugarren eta Berriozar laugarren. Beraz, saio guztietako puntuazioak kontuan hartuz, Amaiurrek 10 lortu zituen, 9,5 Beti Gaztek, 7 Sakanak eta 3 Berriozarrek.

Italiara begira
2010eko otsailean Italian jokatuko den Munduko Sokatira Txapelketari begira daude orain eskualdeko sokatira taldeak. Aitzineratu dezakeguna da, Amaiurko taldeak eta Lesakako Beti-Gazte Italiara joanen direla parte hartzera. Eguna hurbildu ahala emanen dugu horren berri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun