Aroztegia proiektuaren kontrakoek taldea aurkeztuko dute ortzegunean

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 15a

Proiektuaren inguruan iruzurra salatu du Ezker Abertzaleak

Lekarozko Aroztegia Jauregian eta inguruan egin nahi den inbertsioaren kontrako hainbat herritarrek formalki antolatuko direla iragarri dute. Horrela diote hedabideetara bidali duten oharrean. Aroztegiko gaiaren gainean «kezkatuta» dauden baztandar batzuk dira eta taldea ortzegun honetan, abenduak 17, aurkeztuko dute. Egun horretan «bere burua jende aitzinerat publikoki agertuko du egitasmoaren balorazio xeheagoa egiteko eta alegazioen edukiak ezagutarazteko».
Baina bertzalde, egitasmoko 252 etxebizitzako urbanizazioaren inguruko «isiltasunak biziki harritu» dituela ere salatu dute aipatu oharrean, eta egitasmoaren sustatzaileei buruz ere gauza bat argitu nahi izan dute: «Palacio de Aroztegiaren izena BALTEA  promociones inmobiliariasek 2009an hartu duen izena da. Hala, Inmobiliaria Caixa-Galiciak BALTEAn %50ko parte-hartzea duela aipatu beharra dago, eta bertze erdian hainbat partikularrek parte hartzen dutela.  Horregatik,  egiazko jabeen nortasuna isiltzea aski salagarria da, batez ere, egitasmoaren bulkatzaileak bertakoak direla saldu nahi baitute».
Urriaren 4an Lekarozko Batzarrean egindako herri-galdeketari ere aipamena egin diote baztandar hauek: «%48ko parte-hartze mailarekin, herritarren %67 lurren birkalifikazioaren aurka agertu zen». Galdeketa hau Udal Planaren aldaketa puntuala hasiera batean onartu zela jakin eta gero egin zen.
Ezker abertzalea: ‘iruzurra da nagusi’
Aroztegiko lurretan egin nahi den proiektuari buruz, «iruzurra dela nagusi» adierazi du Baztango Ezker Abertzaleak ohar bidez. «Azken 20 urte hauetan zenbait jardunaldi, bilera, planteamendu egin dira Baztanen, sozio-ekonomia arloan, proiektu, garapen eta bertze asmoei buruz hausnartzeko, baina sekula ez da Aroztegia bezalakorik aipatu». Udalari «altxapeka» lurren birkalifikazioa onartu eta urbanizagarri bihurtu izana leporatu dio.
Ezker Abertzaleak «argi» du Aroztegiko proiektuak ez diola Baztango beharrei erantzuten: «ez da baztandarren eskaria, baizik eta kanpoko interesak dira, nahiz eta tartean baztandarren bat edo bertze egon». Lekaroztarrak lurren birkalifikazioari eta proiektuari ezetz erran zietela eta Udalari aurkeztutako alegazioak ere gogoratu ditu Ezker Abertzaleak idatzian. Udal Gobernuak parte hartzeko aukerarik ez eman izana ere salatu du: «martxoaren 26an Ezker Abertzaleko hautetsiek permuta baten informazioa eskatu zuten, baina ukatua izan da. Zergatik jarrera izkutatzailea eta baztertzailea?»

Ezker Abertzalearen irudiko, proiektua eginez gero, «erabat baldintzatuko du Lekarozko bizimodua, eta neurri batean Baztangoa ere bai. Bizimodua aldatu eta izaera poliki-poliki galduko da, kanpokoen zerbitzura egon eta nahietara egokitu beharko baitugu». Horren aitzinean, eztabaida eta hausnarketa «sakona» eskatu ditu Ezker Abertzaleak: «Nolako Baztan nahi dugu?».

Gaineratu duenez, instituzioetatik kanpo utzi arren, «baztandarren nahia babesteko eskuz esku lanean» ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun