Iruritako eskola berria eraiki arte borrokan segituko zutela iragarri zuten, eta horrela egiten ari dira. Azaroaren 26an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu ziren Iruritako Guraso Elkarteko kideak, hiru irakasle eta eskolako zuzendaria, Virginia Aleman alkatea eta Martin Garde hezkuntza zinegotzia.
Guraso Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, «eskola eraikiko den lur eremua uztea onartu zen plenoko idatzia zen Nafarroako Gobernuak etorkizuneko eskolaren proiektua egiteko behar zuen tramite bakarra». Eta Udalak idatzi hori eman omen zien Gobernuko ordezkariei. Hauek, baina, krisiaren eraginez aurrekontua murriztu dela eta Iruritako eskolarena 2010eko aurrekontutik kanpo gelditu dela adierazi zieten.
Erantzunaren esperoan
Lerro hauek idazterakoan, aurrekontutik kanpo gelditu diren proiektuak aztertzen ari ziren Nafarroako Parlamentuan. Eta Guraso Elkartearen hitzetan, «Hezkuntza Departamentuak arras urgenteak diren hainbat proiektu dirulaguntzarik gabe ez gelditzeko zuzenketak proposatu ditu». Baina Iruritako eskolarena ez dago lehenbizikoen artean: «gure aitzinetik hiru proiektu daudela erran digute: Orkoiengo eskola, Noiangoa eta Garesekoa. Euren egoerak ez omen du soluziorik». Zerrendan laugarrena da, beraz, Iruritakoa.
Berri hau idazterakoan, ez zen aditzera emana ea laguntzarik izanen den ala ez. «Dirua lortuko balitz, aurreproiektua egina dago eta berehala eginen lukete proiektua», diote Guraso Elkartetik. Bide honetan, 2011eko hasmentarako eskola eraikia izanen litzateke. Aitzitik, dirurik gabe, «proiektua urtebete gibeleratuko litzateke. Gure eskola 2011ko aurrekontuetan sartuko litzateke, eta beraz, proiektua 2011ko ilbeltzean eginen litzateke, eta eskola 2012rako».
Egoera ikusita, euren «kezka» adierazten segitzeko asmoa dutela adierazi dute Guraso Elkartekoek. Hala, azaroaren 27an, bi orduko geldialdia eta kontzentrazioa egin zuten. Egun berean, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Begoña Sanzberro, Laura Alba eta Amelia Salanueva kontseilariak Dantxarineara eta Elizondora joan ziren, eta Iruritatik pasatzen ari zirela, protesta bide erdira atera zuten ikasle, irakasle eta gurasoek, trafikoa oztopatuz.