2010ean komun eta dutxa publikoak eraikiko dira Arraiozen. Izan ere, herrian ez da horrelako azpiegiturarik. Komunak eta dutxak Arraiozko gaineko auzoan eraikiko dira, frontoia, plaza eta haurren jolastokia dauden gunean, hain zuzen ere. Haurrak eta gurasoak inguru horretan elkartu ohi dira eta kirola egiteko bertara joaten da jendea. Herriko Laxoako taldeek ere hor entrenatzen dute eta udaberri-uda aldean Baztan-Errekako Laxoa txapelketako partidak jokatzen dira. Asmoa aitzinera ateratzeko beharrezko den dirua biltzeko Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki ekimenaren baitan proiektua aurkeztu da; 18.691 zenbakia du. Abenduaren 31 bitarteko epea dago proiektua bozkatzeko.