12 hilabeteko lanen ondotik, Lesakatik Baztanera bitarteko gasbideko obrak akitu ditu Gas Navarra enpresak. Hala, Arraioz, Elbete, Elizondo, Irurita eta Oronoz-Mugairiko 1.600 herritarren eskura dago gas naturala. Obra horietan 8,74 milioi euro inbertitu dira eta, zenbateko horretatik, Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euro paratu ditu. Gasbideak 34,5 kilometro ditu eta Bidasoaren ezkerraldetik egiten du bide osoa, Oharrizko Artesiaga ubidean izan ezik, hor eskuinaldera pasatzen baita. Baztandik kanpo, Doneztebe, Igantzi, Legasa, Narbarte, Oieregi eta Sunbillara ailegatu da.
Hain zuzen, obra hauek azaroaren 27an inauguratu ziren. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Antoni Peris Gas Naturaleko Negozio Erregulatuen zuzendari nagusia eta Virginia Aleman alkatea, Elizondon izan ziren, inaugurazio ekitaldian. Aipatuez gain, ekitaldian izan ziren, Jose Maria Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria; Begoña Sanzberro Landa Garapeneko eta Laura Alba Herri Lanetako kontseilariak; gasbidea pasatzen den udalerri eta kontzejuetako ordezkariak; Angel Boillos Gas Navarra enpresako zuzendari nagusia, eta enpresako zenbait arduradun.