Artesiagako "Bidagabeko bidea" oroigarria auzolanean moldatu zuten larunbatean

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 15a

Giro ederrean egin zuten auzolana musikari eta bertsolarien laguntzaz. Lainoa altxatuta, ederki ikusten zen egindako lana. TTIPI TTAPA

Maiatzaren 16an inauguratu zen eta hamabi orduren buruan hondatu zuen talde faxista batek

Baztan Bidasoa Antifaxista taldeak auzolana deitua zuen larunbatean, Artesiagan Falange y Tradición taldeak erasotutako “Bidegabeko bidea” oroigarria konpontzeko eta txukunteko. Moldaketa lanetan lagundu dute Baztango Udalak, Iruritako Herriak, Baztandarren Biltzarrak, Geronimo de Ustariz institutuak, Memoria Bidean eta Ahaztuak kolektiboek, Malerrekako Gazte Asanbladak, Moskuko Antifaxistak, Ezker Abertzaleak, LAB sindikatuak eta bertze pertsona aunitzek.
Gogoratu behar da maiatzaren 16an inauguratu zela NA-1740 errepidea, Irurita eta Eugi artekoa, bortxan egin zuten preso errepublikarrak gogoratzeko oroigarri hau eta hamabi orduren buruan xehetu eta hondatua zegoela. Falange y Tradición taldea faxistak bere gain hartu zuen ekintza hau eta eskualdean gertatutako bertze zenbait. Talde honetako kide zirelakoan bortz lagun atxilotuak izan ziren, baina Artesiagan salatu zutenez, hilabete baten buruan, azaroaren 20an, denak libre zeuden.
Artesiagan irakurri zen testuaren arabera, “moldatzera, eraikitzera, berreskuratzera eta gogoratzera etorri gara, bideak beharrezkoak direlako, bai, baina askatasunean ibiltzeko. Inork ez dezala inoiz bere bizia edo bere biziaren zati bat horreko bide bat egiten eman beharrik izan”.
40 bat lagun bildu ziren Artesiagan lainopean, baina txalapartari, trikitilari, txistulari eta Jon Elizetxe eta Alazne Untxalo bertsolarien laguntzarekin eguraldia altxatzen joan zen eta giro ederra izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun