Azaroaren 28an, larunbat arratsaldean jokatu zen Elizondon Nafarroako goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketaren hirugarren eta hondar jardunaldia. Mutiletan, Amaiurrek nahiko garbi zuen 640 kiloko txapela eta 600 kilokoa dagoeneko segurtatua zuen bigarren jardunaldian. Honela, kategoria arinenean Berriozarrek irabazi zuen Elizondon, baina txapela Amaiurrentzat izan zen. 640 kilokoan, aldiz, tiraldi guziak irabazi zituen Amaiurrek, Berriozar izan zen bigarren eta Txantrea hirugarren. Honela, bi txapelak amaiurtarrentzat izan ziren.
Lehia estuago zegoen emakumezkoen 500 kiloko kategorian, Amaiur eta Beti Gazte berdinduak baitzeuden sailkapen orokorrean. Baina amaiurtarrek ez zuten hutsik egin etxean eta larunbateko tiraldi guziak irabazi zituzten eta horrekin batera txapela ere. Lesakako Beti Gaztekoak bigarrenak izan ziren, Sakana eta Berriozarren kontrako tiraldiak irabazita, baina Amaiurren kontra galduz. Sakanak Berriozarri bakarrik irabazi zion eta hauek tiraldi guziak galdu zituzten.
Azkeneko sailkapenean, Amaiurko neskek 10,5 puntu lortu dituzte, Beti Gaztekoek 9,5 puntu, Sakanak 7 puntu eta Berriozarrek 3 puntu.