Ortziralean, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea, Antoni Peris Gas Naturaleko Negozio Erregulatuen zuzendari nagusia eta Virginia Aleman Baztango alkatea, Elizondon izan ziren, gas naturalaren heldueraren ekitaldian. Baztanetik Bidasoarako gasbideko obrak akitu dituzte, beraz. Obra horietan 8,74 milioi euro inbertitu dituzte eta, zenbateko horretatik, Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euro jarri ditu. Gasbideak 34,5 kilometro ditu eta Bidasoaren ezkerraldetik egiten du bide osoa, Oharrizko Artesiaga ubidean izan ezik, hor eskuinaldera pasatzen baita.
Honela, Nafarroako biztanleen %86k dauka gas naturala. Gasa ehun herritara heltzen da, 166.000 etxebizitza baino gehiagora. Ortziralean inauguratu zuten gasbideari dagokionez, Miguel Sanzek adierazi zuen Baztan argiz eta energiaz hornituko duela eta ekonomia sustatuko duela. Zehazki, 11 herritako enpresa eta biztanleei egingo die mesede.
Inaugurazio ekitaldian izan ziren, baita ere, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, Jose María Roig Aldasoro; Landa Garapeneko eta Herri Lanetako kontseilariak, Begoña Sanzberro Iturriria eta Laura Alba Cuadrado, hurrenez hurren; gasbidea igarotzen den udalerri eta kontzejuetako alkate eta zinpeko alkateak; Gas Navarra enpresako zuzendari nagusia, Angel Boillos, eta enpresako zenbait arduradun.
Baztanera gas naturala heldu dela irudikatzeko, presidenteak eta gainerako agintariek sukalde industrial bateko suak piztu eta janaria prestatu zuten.
Gainera, obren argazki berezi batzuk jarri dituzte udal bulegoetan. Proiektua hamabi hilabetean akitu dute. Gainera, aldi berean, N-121A eta N-121B errepideetako obrak egin dituzte, azpiegitura horiek igarotzen diren eremuetan ingurumena ez kaltetzeko.